Gabon gauean Azkoitia eta Azpeitia artean izandako eraso matxista gaitzetsi dute

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 27a

Hainbat lagun, Gabon gaueko eraso matxista salatzeko elkarretaratzean. (Azpeitiko Feministen Sarea)

Hainbat herritarrek bat egin zuten atzo Azpeitiko Feministen Sareak eta San Martin egoitzako langileek Gabon gaueko eraso matxista salatzeko deitutako elkarretaratzearekin. 

Azpeitiko Feministen Sareak eta San Martin egoitzako langileek deituta, Gabon gauean Azkoitia eta Azpeitia artean izandako eraso matxista salatu zuten hainbat herritarrek atzo, ostirala, herriko plazan.

Asteazkeneko 22:52ak aldera izan zen erasoa. Gizonezko batek lurrera bota zuen GI-631 errepidearen ondoan, Azkoitia parean, oinez zihoan 49 urteko emakume bat, sexu erasoa egiteko asmoz, Ertzaintzak jakinarazi zuenez.

Andrazkoak oihu egin eta laguntza eskatu ahal izan zuen, eta berehala harengana gerturatu ziren hainbat pertsona. Gizonezkoak bizikletaz ihes egin zuen, baina atzetik kotxez jarraika zituen bi herritarrek geldiarazi zuten, Azpeitiko Loiolako basilikatik gertu. Herritarrek 60 urteko erasotzailea atxiki zuten Ertzaintzako agenteak iritsi ziren arte, eta poliziek komisaldegira eraman zuten. Emakumea, berriz, ospitalera eraman behar izan zuten zauriak artatzera.

Herritarrez gain, Azpeitiko Feministen Sareak eta San Martin egoitzako langileek antolatutako elkarretaratzean izan ziren Urola Kostako LABeko nahiz Azpeitiko Udaleko ordezkariak. Ohar baten bidez, Udalak babesa adierazi zion erasoa jasan duen emakumeari nahiz haren gertukoei, eta emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazo bat" dena gogorarazi zuen: "Indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide