Pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketak Azpeitian egingo du geldialdia San Sebastian jaien atarian. Urtarrilaren 16an, ostiralez, txapelketa horren 10. jardunaldia irekiko duen lehia izango da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 20:45ean hasita.
Aspe pilota enpresako bi bikote ariko dira egun horretan nor baino nor gehiago: Jokin Altuna Altuna III.ak eta Joseba Ezkurdiak osatuko dute bikote bat, eta Javier Zabalak eta Julen Martijak, bestea. Egun txapelketaren erdiko eta beheko postuetan diren bikoteek txapelketan aurrera egitea dute asmo, eta hori hala, lehia bizia jokatuko dute lau pilotariek.
Dena den, goi mailako pilotari horien arteko dema ez da izango jaialdiko bakarra; izan ere, iluntzeko lehen partidan bi pilotari azpeitiarren arteko lehia izango da aurreko koadroetan, Julen Egiguren Egiguren V.aren eta Unai Alberdi Alberdi II.aren artekoa, hain zuzen. Egigurenek Ekain Lizeagarekin osatuko du bikotea, eta Alberdik, Aimar Morgaetxebarriarekin. Txapelketatik kanpoko partida izango da haiena.
Sarrerak, salgai
Sansebastianen atariko jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko Interneten. Entradas fronton atarian eskuratu daitezke 20 eta 30 euro artan. Hain justu, 30 euro balio dute kantxako sarrerek, eta 20 euro, goiko solairukoek. Nolanahi ere, Izarraitz frontoiko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira partida egunean bertan, baldin eta aurrez denak saltzen ez badira.