Askotariko kultur hitzorduak izan ziren joan den ostiraletik igandera bitartean Azpeitian. Ostiralean, Cycle taldeak girotu zuen Sanagustin kulturgunea. Zapatuan, berriz, bi hitzordu izan ziren: batetik, haurrek zein haien gurasoek txotxongilo tailerrean trebatzeko aukera izan zuten Dinamoa sormen gunean, eta bestetik, Txantreako Konpartsak (Iruñea, Nafarroa) Amalurra izeneko ikuskizun berria taularatu zuen Soreasu antzokian.
Cycle Madrilgo (Espainia) musika taldea Weak on the Rocks izeneko 20. urteurreneko biran murgilduta dago egun. Hain justu, biraren barruko emanaldia eskaini zuten talde horretako musikariek ostiralean, Sanagustin kulturgunean. Weak on the Rocks izeneko biran, rock-aren eszena irauli zuten abestiak eskaini zituzten haiek, besteak beste, Confusion!!!, Apple Tree edo Perfect Pervert. Jendetza bildu zen agertokiaren aurrean, eta gogotik dantzatu zituzten haien abestiak.
Zapatuan, berriz, Naia Membrillerak gidatutako familia guztiarentzako txotxongilo tailerra egin zuten Dinamoa sormen gunean. Melodiaren itzala izenean, haurrek eta haien senideek txotxongiloak sortzeko eta haiekin jolasteko abagunea izan zuten.
Musika bai, baina antzerkia eta dantza ere uztartu zituen zapatuan Txantreako Konpartsak Amalurra ikuskizun berria taularatzean. Santioetan Azpeitiko kaleetan izan ohi diren erraldoiak Soreasuko agertoki gainean aritu ziren dantzan. Zapatuan, baina, ikusleak euskal mitologian murgiltzeko xedez aritu ziren erraldoiak dantzan.