Itaiak deituta, eraso matxistak gaitzesteko mobilizazioa egin dute urteko azken egunean Azpeitian. Antolakundeak jakinarazi duenez, 2025ean gutxienez 40 eraso matxista salatu dituzte Azpeitian, eta "balantze gordin" horri erantzuteko "kale bira" izan da gaur egin dutena. Erasotzaileen inpunitateari ez! lelopean gauzatu dute mobilizazioa, 18:30ean plazatik abiatuta.
Mobilizazioan adierazi dutenez, aurten Azpeitian gertatu direnak ez ezik, "orokorrean Euskal Herrian gertatu diren eraso matxista denak salatzeko eta erasotzaileen inpunitatearen aurkako deia zabaltzeko" atera dira gaur kalera. "2025ak balantze iluna utzi digu: zortzi erailketa matxista Euskal Herrian, Urola bailaran indarkeria matxista kasu kopuruen gorakada, eta Azpeitiari dagokionez, gutxienez 40 eraso matxista salatu dira urtea hasi zenetik, isilpean pasatu direnak kontuan hartu gabe".
Itaiaren arabera, errealitate horrek "argi eta garbi" erakusten du gaur egun oraindik emakumeak "zapaldutako posizio batean" jarraitzen duela. "Panorama nola dagoen ikusita, gauzak hobera joango diren itxurarik ez dauka. Izan ere, datu beldurgarriak dira. Eta datuak bezain kezkagarria da nola ari diren elite ekonomiko eta politikoak beraien eskura dagoen makinaria guztia martxan jartzen, errealitate hau ukatzen duen diskurtsoa jende artean zabal dadin: indarkeria matxista ez dela existitzen, emakumeon aurkako zapalkuntza gizonen kontrako konspirazio baten parte dela edo erasoak salatzea bakarrik diskurtso arrazista eta faxistak zabaltzeko aukera dagoenean. Horrelako ideia atzerakoiak zabaldu nahian dabiltza alderdi eskuindar eta faxistak, baita kale mailako eta sare sozialetako kolektibo eta influencer misogino eta faxistak ere".
Itaiaren esanetan, "matxismoaren existentzia ukatzeak, diskurtsoa salaketa faltsuetan kokatzeak eta erasotzailearen hitza lehenesteak emakumeei egiten die kalte, eraso matxistak normalizatzen direlako eta erasotzailearen inpunitatea handitzen delako". Antolakundearen arabera, ideia erreakzionarioen zabalpenak "erasotzailearen inpunitateari mesede" egiten dio.
2026an ere mobilizatzeko deia
"Etorkizun iluna" aurreikusten du Itaiak, eta egoera hau aldatzea herritarren esku dagoela adierazi du. "Alegia, ezin gara aldaketak estatutik etortzeko zain gelditu. Izan ere, azken urteetan ikusi dugu ezkerreko alderdiek eta beraien politikak zer dakaten langileriarentzat: promesa faltsu asko, aldaketa erreal gutxi. Matxismoak bere horretan segitzen du, emakume langileon zapalkuntzak bere horretan segitzen du, eta, aldiz, kaleak hustu egin dira".
Itaiak dio kale mailako borroka eta antolakuntza indartzea ezinbestekoa dela. "Itaiatik emakume langileon askapena muturreraino eramateko konpromiso osoa hartzen dugu. Eta bide horretan, eraso matxistak desnormalizatzen, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen eta indarkeria matxistaren kontrako borrokan geroz eta jende gehiago antolatzen segi behar dugu. Gutako bakoitza da inportantea. Beraz, datorren urtearen ere, indarkeria matxistaren kontra mobilizatzen eta antolatzen segitzeko deia egiten dizuegu".
Bide batez, GKSk urtarrilaren 31n Bilbon egingo duen manifestaziora joateko deia egin dute gaurko mobilizazioan. "Matxismoaren kontrako borroka eta faxismoaren kontrako borroka borroka beraren parte direlako, gu ere Bilbon izango gara".
(Argazkiak: Itaia)