Urtarrilaren 31n Bilbora joateko deia egin du GKSk

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 3a

Gazteak, atzo Azoka Plazan egindako aurkezpenean. (Urola Erdiko GKS)

Atzo, ostirala, urtarrilaren 31ko Bilboko manifestazio deiaren zergatiak-eta azaltzeko aurkezpena egin zuten Urola Erdiko GKSko kideek. Autobusa antolatu dute, eta Azpeitian, Haginpe tabernan eskuratu daitezke txartelak.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurkako manifestazioak egingo ditu urtarrilaren 31n, gazteen artean faxismoaren aurkako kontzientzia zabaltzeko asmoz. Bilbon eta Iruñean izango dira manifestazioak, eta Urola Erdiko GKS Bilbora joateko deia zabaltzeko asmoz, aurkezpenak egiten hasi da Urola Erdian. Atzo, ostirala, Azpeitiko Azoka Plazako areto nagusian egin zuten aurkezpena, eta jendetza bildu zen.

"Ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre" egin asmoz deitu du GKSk manifestazioa hil honen azken egunerako. "Euskal Herrian faxismoari gauzak erraz utziko ez dizkion indar handi bat dagoela erakutsi behar dugu, eta horretarako, garrantzitsua da ahalik eta gazte langile gehien mobilizatzea", adierazi dute GKSko kideek.

Bilboko manifestaziora joateko, gainera, autobusa antolatu dute Urola Erditik. Azpeitiko Haginpe tabernan, Azkoitiko Dean nahiz Tta-kun tabernetan eta Zestoako Fati tabernan eros daitezke autobuserako txartelak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide