AEBek Venezuelaren aurka egindako erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 4a

Trumpek argitaratu zuen Maduro presidentea atxilo hartu zuten uneko irudia. (X sare soziala)

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak gaur 18:30ean egingo du kontzentrazioa herriko plazan, AEBen "eraso inperialista" salatzeko eta venezuelarrei elkartasuna adierazteko. Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta Cilia Flores haren emaztea atxilo hartu zituzten AEBek atzo.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du gaurko, igandea. AEBek atzo, zapatua, Venezuelaren aurka egin zuten "erasoa" salatzeko egingo dute kontzentrazioa 18:30ean, herriko plazan. "Eraso inperialista gogor salatzen dugu eta Venezuelako herri langileari gure elkartasuna adierazten diogu", adierazi dute antolakunde horretako kideek.

AEBek atzo egin zioten eraso Venezuelari, eta atxilo hartu zituen Nicolas Maduro herrialde horretako presidentea eta haren emazte Cilia Flores. Donald Trump AEBetako presidenteak atzo arratsaldean hitz egin zuen prentsaren aurrean, eta esan zuen Washingtonek hartuko duela herrialdearen kontrola, "trantsizio seguru bat" egin daitekeela baieztatu arte. "Kudeaketa egokia egin nahi dugu. Ez dugu Maduro atzeman eta alde egin nahi. Herrialdea zuzenduko dugu trantsizio egokia egin daitekeela bermatu arte". Hala ere, Trumpek ez zuen zehaztu nork hartuko duen herrialdearen kontrola.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide