Garaipenarekin hasi du urtea Lagun Onakek

Mailo Oiarzabal 2026ko urtarrilaren 5a

Lagun Onaken jokalariak Galarzaren gola ospatzen. (Lagun Onak)

Eibar Bren zelaian 0-1 irabazi zuen atzo Riberaren taldeak eta, lehen itzulia bukatzeko partida bat falta denean, laugarrena da sailkapenean, igoerako play-offetarako postuetan.

Aurreko urtea amaitu bezala ekin dio berriari Lagun Onaken gizonen talde nagusiak, garaipenarekin. San Tomas bezperan etxean Añorga eta atzo Areition Eibar B, Espainiako Hirugarren Mailako bere multzoan azken tokietan dauden bi taldeak mendean hartu ditu Jose Luis Riberaren taldeak, sei puntu horiekin, lehen itzulia bukatzeko partida bat falta denean, 27 ditu guztira Azpeitiko taldeak eta laugarrena da sailkapenean, igoerako play-offetarako postuetan.

Añorgaren kontrakoan bezala, gol bakarrarekin erabaki zuen neurketa Lagun Onakek Eibarren bigarren taldearen kontrako neurketa; golaren egilea ere bera izan da bietan, Jon Galarza. Gol bakarra egin zuen, bai, Lagun Onakek atzo Areition, baina markagailuak adierazitakoa baino nagusitasun handiagoa erakutsi zuen zelai gainean. Garaipenaren gola egitea kostatu arren, serio aritu ziren Riberarenak neurketa osoan zehar eta lerro guztietan nagusi izan ziren. Lehen zatian, Bastida atezainak lan gutxi izan zuen. Lagun Onakek ere ez zuen aukera garbi asko sortu; Sorazuk eta Unax Odriozolak bana izan zuten, baina golik gabe amaitu zen lehen zatia. Atsedenaldirik bueltan, ildo beretik jarraitu zuen partidak, jokoaren ekimena eta nagusitasuna Lagun Onakek zituela. Eta, lehen zatian ez bezala, Eibarkoen atea zulatzen asmatu zuten bisitariek: 67. minutuan iritsi zen Galarzaren gola, korner batean. Hortik aurrera, ordura arte erakutsi gabeko grina erakutsi zuten etxekoek eta ekin eta ekin aritu ziren berdinketaren bila, baina alferrik. Lagun Onakek oso ondo eutsi zion atzean eta ez zien zirrikiturik utzi Eibarren erasoei.

Datorren zapatuan (17:00), lehen itzuliko azken jardunaldiaren barruan, aurkari zuzen baten kontra ariko da Lagun Onak Garmendipen: Leioa hartuko dute, sailkapeneko seigarrena eta Azpeitikoek adina puntu dituen taldea (27), hain zuzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide