Musikaren doinuen erritmora mugitzen da Lierni Varela (Azpeitia, 1993), herrian nahiz herritik kanpo. Balleta, euskal dantzak, areto dantzak, jazza, jazz musikala, dantza urbanoa, heels-a, dantza garaikidea... Zerrenda amaiezina osatzen dute Varelak probatu dituen dantza modalitateek. Itzulpengintza eta Interpretazio gradua ikasi zuen, eta irakasle lanetan dihardu Iurretan (Bizkaia), frantsesa irakasten. Dantza eta lana ditu, haren hitzetan, bizimoduaren ardatzak.
Apirilaren 29an izaten da Dantzaren Nazioarteko Eguna, eta maiatzaren 1a, berriz, Langileen Nazioarteko Eguna. Varela bien tartean jaio zen, apirilaren 30ean. "Dantza aurretik eta lana atzetik ditut; bien arteko nahasketa bat naiz", azaldu du hark irribarre txiki batez. Gorputza eta lana, eszena eta eguneroko lasterketa, diziplina eta gozamena. Bizitzaren joanak ez daki nora eramango duen, baina gaur-gaurkoz argi du dantzak baduela zer kontatua eta berak zer dantzatua. Eszenatokien bila jarduten duela aitortu du: "Oholtzara igotzeko desiratzen egoten naiz". Agertokira igotzea "partekatzea" da azpeitiarrarentzat, publikoarekin hartu-emana izaten duelako. Indarra ematen diola aitortu du, halaber, agertokiak, entseguetan baino indar handiagoa izaten duela fokuen azpian. "6 urterekin hasi nintzen dantzan, eta jada ez diot beldurrik eszenatokiari".
Atzera begira jarrita, oraindik gogoan du 6 urterekin jaso zuela balleteko lehen saio hura. Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolak ikasturte amaierako jaialdia eskaintzen zuen Zelaitxo aretoa izan zenean. Amak hura ikustera eraman zuen alaba txikia, musika tresnaren bat hautatu eta ikasten has zedin. Alaba txikiak ez zien, ordea, instrumentuei erreparatu; beste zerbaitek lapurtu zion arreta; tutuzko soineko arrosak eta puntadun zapatak. "Nik hori egin nahi dut", esan omen zion amari. "Hura izan zen amari sortu nion lehen nahigabea", gaineratu du Varelak, barre artean.
Geroztik, erritmo eta konpas ezberdinetan mugitu izan da. 9 urterekin euskal dantzak gehitu zituen agendara; 15 urterekin, areto dantzetan trebatzen hasi zen; 22 urterekin, 2015ean, jazzaren mundura pasatu zen; eta hurrengo urtean, jazz musikala ezagutu zuen. 2017tik aurrera, dantza urbanoan murgildu da; heels estiloarekin ez ezik, dantza garaikidearekin osatu du ibilbidea. "Ez naiz ezertan aditua, baina bai denean aritua", esan du tonu jostagarriz.
Jazzean eman zuen herritik kanpo lehen pausoa, Donostiako Fagoaga akademian. Hango klaseetan ikasi zuen "betileekin ere" dantza egin behar dela. Izan ere, teknikoki dantzari ona izateaz gain, transmititzeko gaitasuna izatea beharrezkoa dela uste du Varelak. Hark dioenez, dantzariak pertsonaia bat sortzen du, aktoreek egiten duten bezala. "Ezin da izugarrizko musikala egin zure aurpegiak ez badu ezer esaten; aurpegiarekin ere dantza egin behar da, dena bat da", gaineratu du.
Sormena ere baliatu behar izan du behin baino gehiagotan, baina ez du gustuko eginkizuna: "Asko kostatzen zait pieza bat sortzea. Nahiago dut norbaitek esatea zer egin behar dudan". Dantzariaren rola maite du, ez koreografoarena. Hala ere, egin izan ditu lan horiek ere. Lehen sorkuntzak 16 urterekin egin zituen, Iraurgi saskibaloi taldearen animatzaile gisa aritu zenean. Etxeko egongelan, Fama telesaileko koreografiak baliatzen zituen saskibaloi kantxarako dantzak sortzeko. "Garai hartan ez zegoen sare sozialik, ez zegoen inspiratzeko ezer. Ez geneukan gaur adina erreferentziarik", azaldu du. Hiru denboraldiz aritu ziren cheerleader gisa, bi astetik behin, partida bakoitzean hiru koreografia dantzatzen. "Lan handia zen hura, baina oroitzapen ona daukat, publikoak oso ongi hartzen gintuen", aitortu du goxotasunez.
Zaletasuna, ihesbide eta gozamen
Taldean nahiz bakarka aritu izan da dantzan, eta biak probatuta, nahiago du taldean jardutea: "Dantzaren munduan bakarrik mugitzen naiz, baina gero beti egoten naiz jendearekin". Ikusleentzat ere taldeko dantza erakargarriagoa izan daitekeela uste du. Bakarrik nahiz lagunduta jardun, urtero samar dantza motaz aldatzen du, nahiz eta une honetan "dantza garaikidearen momentuan" dagoen. "Ordutegien arabera, ongien etortzen zaidan dantza modalitatean jarduten dut. Zehaztasunik egin gabe, ordea; izan ere, niri dantza orokorrean gustatzen zait, bere osotasunean".
Dantza egiteak onura handiak ekartzen dizkio bai gorputzari, baita buruari ere, eta hori ongi daki Varelak. Osasun fisikoa lantzeaz gain, memoria aktibatzeko eta emozioak erregulatzeko balio dio hari dantzak. Harremanak egiteko ere, bide paregabea izan da dantza azpeitiarrarentzat, horren bueltan harreman politak egin baititu urte hauetan guztietan, laguntasuna, elkarlana eta errespetua ardatz hartuta. Varelaren hitzetan, dantzara disfrutatzera joaten da jendea, eta lehiatu izan den kasuetan ere, gozamena eragin dio aurkariak dantzan ikusteak. "Ez naiz epaitua sentitu izan. Nire inguruan beti ikusi izan dut jendea laguntzeko prest, inbidiarik gabe eta liluraz". Sasoi batean lehiaketetan aritu zen arren, inoiz ez du dantza lehiakortasunetik bizi izan. Haren ustez, dantzak ez luke izan behar norberarekin edo besteekin konparatzeko espazio bat; gozatzeko, ikasteko eta garatzeko leku baizik.
Hala ere, benetako oztopoak norberak bere buruari jartzen dizkionak direla uste du. Epaiak, beldurrak edo lotsak direla eta, Varelaren iritziz, jendeak askotan ez ditu gauzak probatzen, eta gisa horretan esperientzia askoren ateak itxita geratzen dira. "Denok hasten gara baldar, baina jarduten ez baldin badugu, baldarrak izaten jarraituko dugu", erantsi du. Horregatik, ikuspegia irekitzea, estilo berriak probatzea, eta batez ere, beldurra galtzea gomendatu du. Gainera, azken urteetan, dantza sozialak –areto dantzak, salsa, bachata– boladan jarri izanak "poza" ematen diola azaldu du, horrek jendea dantzara gerturatzen duelako, baina jendeak dantzak eskaintzen duen aukera zabalaren berri ez izateak atsekabe puntu bat sortzen dio.
Dantza ez da zaletasun soil bat azpeitiarrarentzat, bere bizitzako ardatzetako bat baizik: "Nire buruak eta gorputzak behar duten zerbait da dantza". Halaber, eguneroko zurrunbilotik ateratzeko ihesbidea ere bada dantza harentzat. Izan ere, laneko tentsioak, errutinak edo eguneroko sentsazioek ez dute leku handirik izaten dantza gelan, eta hori da, Varelaren arabera, dantzak duen magia: unean egoteko aukera ematen du, burua isilarazteko, gorputzak bere hizkuntza propioan hitz egin dezan. Ez daki zenbat urtez jarraituko duen gorputzaren erritmora mugitzen, eta ez du horri buruz gehiegi pentsatzen. Bizitzak nora eramaten duen, hara egingo du bidea.
Motzean
Adina: 32 urte.
Ikasketak: Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua.
Lanbidea: Irakaslea.
Dantzaria ez banintz… margolaria izango nintzateke.
Dantzatik kanpo gogoko dut… pelikula on bat ikustea eta bidaiatzea.
Lierni Varela, dantzarako hainbat oinetakorekin, Dinamoan. (Anitz Urkizu)
2004an, balletean, Kontxan. (Utzitakoa)
Iraurgi Saskibaloiaren animatzaileak, 2009an. Makurtuta daudenetan erdikoa da Varela. (Utzitakoa)
2006an, jazza dantzatzen, Kursaalen. (Utzitakoa)