"Futbola asko gustatu behar, horrela ibiltzeko", bota du Fernando Morillok (Landeta, 1964), duela lau hamarkada pasa berak eta taldekideek futbolean aritzeko izaten zituzten ibilerak gogoratzerakoan. 1980ko maiatzaren 10ean, Kontxako hondartza futboleko txapeldunaren garaikurra altxatu zuen Morillok, Txalintxo taldeko infantilen kapitaina baitzen. Urola bailarako futbolari belaunaldi baten ikur izan zen Txalintxo, eta duela 45 urteko Kontxako garaipen hark oihartzun handia izan zuen bailarako futbolzaleen artean.
Futbolaren ero horietako bat da Joaquin Carmona (Higuera de la Serena, Espainia, 1956). Umetan izandako istripu baten ondorioz, futbolari ibilbide laburra izan zuen, baina futbolari lotuta jarraitu zuen. Orain Elmubas dagoen eremuan zegoen kooperatibaren izena hartu zuen Zubiolako futbol zelaia egin zutenean tartean zen Carmona; 70eko eta 80ko hamarkadetan hain arrakastatsuak izan ziren lagunarteko futbol txapelketetan buru-belarri ibili zen urteetan, horiek antolatzen edo umeak, gazteak zein helduak entrenatzen, eta Lagun Onaken gazteen taldeetan ere aritu zen entrenatzaile lanetan.
Hain zuzen ere, Carmonaren ekimenez sortu zen Txalintxo. El Diario Vasco-ren Azpeitiko berriemailearen buzoian utzi zuen taldea osatzeko deialdia Carmonak. "Jende mordoa azaldu zitzaidan Zubiolako zelaira; tartean, Azkoitikoak ere bai". Jubenil mailara arte futbolari federaturik ez zegoen sasoi hartan. "Eskolarteko txapelketak bai, jokatzen ziren, Betharrametako jolastokian eta. Horiez gain, tokiko txapelketak egiten ziren, Azpeitiko eta Azkoitiko taldeekin", azaldu du Bixente Oiarzabalek (Urrestilla, 1964); Carmonaren deialdiari erantzunez Zubiolara agertu zenetako bat izan zen bera. Txalintxon, bi herri horietako jokalariak elkartu zituzten, inguruko bakan batzuekin batera; benjamin, kimu eta infantil mailetako taldeak osatu zituzten, maila bakoitzeko bailarako jokalari onentsuenekin. Azpeiti-Azkoitiko taldea izaki, bien arteko mugan dagoen eta sarri bi herrien arteko xextrarako balio izan duen mendi tontorraren izena aukeratu zuen Carmonak taldearentzat. Oiarzabalek dio "Azkoitian izen berarekin jokatzen zuen talde bat bazutela" lehendik, Ali Zabalak hala kontatu ziola; talde hartan zebiltzan asko igaro ziren, hain zuzen ere, Txalintxo berrira. 1946an sortu eta hiru urtez lehiatu zuen Lagun Onak futbol klubaren bigarren taldea ere Txalintxo izenarekin bataiatu zuten.
Zubiolatik Zarautzera
Zubiolako zelaiarekin futbolean aritzeko lekua bermatuta –gaur egun Elmubas-eta dauden eremuan–, Carmonak eta Landetako Bordatxo tabernan elkartzen ziren futbolzaleek txapelketa berriak antolatzeari ekin zioten. Helduenak, soziedadeen artekoak edota gaztetxoenak; lagunarte mailan baina futbolean era antolatuan jokatu nahi zuten gizon eta mutilek ez zuten aitzakiarik Azpeitian –emakumeek ez zuten lekurik artean–.
Giro horretan jaio zen Txalintxo, 1970eko hamarkadako azken urteetan. "Azpeitiko txapelketak jokatzeko taldea osatzea" zen, hain zuzen ere, Carmonaren hasierako asmoa. Baina laster egin zuten "Zubiolatik plaieroetara", Morillok kontatu duenez. Zarautzen jokatzen hasi ziren hondartzako futbolean Txalintxokoak, 1976-1977 denboraldian. Bi urtez jokatu zuten Zarauzko txapelketa: lehen urtean finalaurrekoetara sailkatu ziren, eta bigarrengoan, 1977-1978koan, infantiletan txapeldun izan ziren. "Ali Zabala, Javier Gurrutxaga Txokolo, Agustin Letamendia Arretxe... Jokalari on asko zeuden talde hartan", dio orduan kimuen taldean aritzen zen Oiarzabalek.
"Zarautzen oin hutsik" jokatu behar izaten zutela ere ekarri du gogora Urrestillakoak, galtzerdiekin edota orkatilakoekin, asko jota. Neguan pasatzen zuten "hotza" du bereziki gogoan: "Aldagelarik ez zegoen, eta malekoian aldatu behar izaten genuen arropa". Mareek agintzen dute hondartzako futbol txapelketen ordutegietan, eta horren arabera, "batzuetan goizeko seiretarako autobusa edo trena hartu behar" izaten zutela gogoratu du, bere aldetik, Morillok; Oiarzabalek, berriz, halakoetan bera, anaia Angel Mari eta Xabier Agirre "Urrestillatik ilunpetan oinez" jaisten zirela gaineratu du. "Zarautzera joateko, hasieran autoak eta gero Urolako Trena hartzen genuen Zumaiaraino. Hango estazioan nasa batetik bestera korrika pasatu, eta Zarautzerakoa hartzen genuen", kontatu du Carmonak. Partidarik ez zutenetan ere hartzen zuten trena Zumaiara joateko, "herriko hondartzan entrenatzeko".
Lorpen errepikaezina
Zarauzko hondartzako txapelketa irabazi zuen talde hark Gipuzkoako Txapelketa ere irabazi zuen urte berean. Lurraldeko txapelketa esanguratsuenak irabazi zituzten taldeek neurtzen zituzten indarrak txapelketa hartan, Carmonak azaldu duenez, eta "belarrezko zelai arautuetan" jokatu behar izaten zituzten partidak. Garmendipen jokatzea eskatu eta Lagun Onaken ezezkoa jaso ondoren, Azkoitiko Txerloian jokatu zuten Donostiako Santo Tomas Lizeoaren kontrako kanporaketaren itzulerako partida. Eibarko Urki izan zuten aurkari finalaurrekoetan, eta, orduan bai, Lagun Onakekoek utzi zieten Garmendipen jokatzen. Finala, berriz, Donostiako Mundaizen jokatu zuten, "Sansekoek entrenatzen zuten tokian, Puerto de Hernani izena zuen talde baten kontra". Jokatu, eta irabazi. Xabier Azkargorta zena, entrenatzaile titulua atera berritan, Carmonaren laguntzaile aritu zen talde hartan.
Zarauzko txapela defendatzeko aukerarik ez zuten izan hurrengo urtean Txalintxokoek. Antolatzaileek araudia aldatu, eta ezin izan zuten 1979ko txapelketan parte hartu Azpeiti-Azkoitikoek. "Ikastetxe bereko jokalariekin osatutako taldeek bakarrik parte har zezaketela esan ziguten", dio Carmonak.
Zarauzkoan atea itxita, Donostiako hondartza futbol txapelketakoa jo zuten Txalintxokoek. Donostian Zarautzen ez bezalako erosotasunak zituztela aipatu dute Txalintxoko kide ohiek, eta epaileak "Zarauzkoak baino hobeto portatzen" zirela ere esan du Carmonak. Autobuseko joan-etorriak, ordea, ez ziren hain atseginak, Morillorentzat behintzat: "Bide zaharretik joaten ginen, Meagatik, eta jan txupatxusak eta jan txikleak, baina erabat zorabiatuta iristen nintzen beti. Baina berehala ematen nion gorputzari buelta".
Zarautzen kostakoa ez zen talde bakarra izan ziren bezala, Kontxan ere Donostialdetik kanpoko ordezkari bakarra izan zen Txalintxo. Eta, Zarautzen bezala, bigarren denboraldian, 1979-1980koan, bi garaikur irabazi zituzten, infantil eta kimu mailetakoak. Bi finaletan, Donostiako Gure Bidea izan zen Txalintxokoen aurkaria. Carmonaren taldea Urola bailarako selekzio moduko bat bazen, Gure Bidean "Sukuntza, Txintxurreta... Realak begiz jota zituen jokalariak" aritzen ziren, Oiarzabalek kontatu duenez. Infantilek 2 eta 0 irabazi zuten finala, eta penaltietan erabaki zen Joxe Mari Gurrutxaga Herrero-k gidatu zituen kimuena, hura ere Azpeiti-Azkoitikoen alde. "Sekulakoa izan zen", dio Oiarzabalek.
Baina Donostian ere Zarauzko 'jokaldi' bera egin zieten, eta 1981eko txapelketan izena ematen ez zieten utzi: "Lehendabizikoan ez genuen irabazi, ez batean eta ez bestean, eta inongo arazorik gabe utzi ziguten jokatzen bigarren aldiz. Baina txapelketak irabazi genituenean, berriro parte hartzen ez ziguten utzi", esan du Carmonak.
Lau autobus, polizia eta txaranga
1980ko txapel bikoitz harekin bukatu zen Txalintxoren ibilbidea. Carmona Lagun Onaken hasi zen entrenatzaile lanetan, eta 1980-1981 denboraldian sortu zuten prejubenilen mailan zein jubeniletan jokatzera igaro ziren Kontxa irabazitako taldeetako jokalari asko.
Baina Txalintxon aritu ziren urteak eta 1980ko maiatzaren 10eko hura gogoan iltzatuta dituzte orduko taldekideek. Kontxako plaieroak ez ziren edonolako hitzordua sasoi hartan Gipuzkoako futbolean, eta zer, eta bi herri txikitako jokalariekin osatutako talde batek bi txapel 'ostu' hiriburukoei. Hondartzako futbolak urte haietan zuen garrantziaren erakusgarri da Oiarzabalek kontatu duen pasartea: "Landetan kontzentratu ginen Donostiara joan aurretik, eta han, irrati baterako elkarrizketa egin zioten Joaquini. Lehen Mailan jokatzeko moduan zein jokalari ikusten zuen galdetu zioten, eta horrela erantzun zuen, hitzez hitz: 'Badaukat libero bat, Kortabarria baino hobea'". Jose Luis Ribera azkoitiarraz ari zen Carmona, Lagun Onaken gizonen talde nagusiaren egungo entrenatzaileaz. Eta, bai, Espainiako Lehen Mailan jokatzera iritsi zen Ribera.
Egun hartako sari banaketaren argazkietan, jendez mukuru ikusten dira Kontxako hondartza zein goiko pasealekuko eskudelak. Azpeiti-Azkoititik lau autobus joan ziren zapatu arratsalde hartan Donostiara, jokalarien familiekin, lagunekin eta bi herrietako jarraitzaileekin beteta, pankarta eta guzti, Txalintxokoak babestera. Sari banaketan gonbidatu gabekoak ere izan zituzten, ordea. Oiarzabalek gogora ekarri du manifestazioak izaten zirela nahiko sarri Alde Zaharrean, eta "behin baino gehiagotan" sartu izan zela Espainiako Polizia hondartzan "pilotakadaka", ihesi zihoazenen atzetik, umeak eta gaztetxoak plaieroetako partidak jokatzen ari ziren bitartean. Eta finalaren egunean ere horrela izan zen. "Kopa jasotzera joan ginenean, grisak etorri ziren eta korrika alde egin behar izan genuen", kontatu du Carmonak.
Donostiako festaren amaiera gorabeheratsua atzean utzi, eta Azpeitirako bidea hartu zuten Txalintxokoek, Kontxako bi kopak eta garaikurrak hartuta eta pozarren. Herrian zain zuten ospakizunaren bigarren zatia. "Etxe-Zuri aurrean zain genuen txaranga. Plazaraino joan, udaletxera igo ginen, eta bukatzeko, Izarra hotelean afaria", kontatu dute.
Dozenaka mutil koskor igaro ziren Txalintxotik taldea martxan izan zen urte bakanetan. Kide izan zituzten askoren izenak aipatu dituzte Gukarekin elkartu diren hirurek, argazki zaharrei erreparatuz eta, baina Txalintxon ibilitako jokalarien zerrendarik ez dute gordeta inon. Lagun Onakentzat zein Anaitasunarentzat harrobi bikaina izateaz gain, lehen futbol talde antolatuan aritzeko esperientzia edota Zarauzko zein Kontxako garaipen seinalatuak ez ezik, "lagunartea eta oroitzapen ederrak" utzi zizkion Txalintxok Oiarzabali. Horiez gain, Morillori "euskara eman" zion Txalintxok: "Denak ziren euskaldunak eta, ikasi beharko". Txalintxon ibilitako bat baino gehiago iritsi ziren futbolari profesional izatera ere, Espainiako Bigarren B, Bigarren edota Lehen Mailan jokatzera, Carmonaren pozerako: aipatutako Ribera, Letamendia, Gurrutxaga, Oiarzabal bera, Joseba Aranguren Potxo, Iñaki Aldalur Pikua, Jon Irureta, Angel Mari Iturbe Kukino...
Kontxa irabazi zuteneko 45 urteurrenean, ez dira ospatzeko elkartu Txalintxon ibilitakoak. Urteak dira azken juntadizo handia egin zutela, eta beste bat egiteko unea izan daitekeela aipatuz agurtu dira Carmona, Morillo eta Oiarzabal.
Txalintxokoak Zubiolako zelaian. (Utzitakoa)
Zarautzen irabazi zuen infantilen taldekoak eta kideak, aurrean garaikur ilara dutela. (Utzitakoak)
Kontxa irabazi zuten Txalintxoko infantilak. (Pepe Gil)
Kontxa irabazi zuen kimuen taldea. (Pepe Gil)
Fernando Morillo Kontxako txapeldunen kopa altxatzen. (Pepe Gil)