Zu zeu

Mari Paz Arozena: "Kontu handiko lana da zezenerako hesiak jartzea"

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 5a

Mari Paz Arozena, lanerako jantzita. (Nerea Uranga)

Ezkondu zenean etorri zen Mari Paz Arozena (Eibar, Gipuzkoa, 1966) Azpeitira bizitzera, baina aurretik Itziarren bizi izan zen. Iazko ekainaren 3an hamazortzi urte bete zituen Azpeitiko udal brigadan lanean. Sansebastianak eta inauteriak aurrez aurre direnez, lan askoko asteak datozkie udal langileei.

Nolatan hasi zinen udal brigadan lanean?

Lagun baten bidez jakin nuen Azpeitiko Udalak lanpostu eskaintza atera zuela, eta aurkeztea erabaki nuen. Ez nuen espero lanpostua lortzea, baina azterketa batzuk egin eta lorezaintzarako postua eskuratu nuen. Garai hartan, ordea, zabor bilketako kamioian laguntzeko bi txanda egiten ziren, eta lan horretan Jesus Rementeria zenari laguntzen jardun nuen bi asteburutik behin. Beraz, astegunetan lorezaintzan jarduten nuen, eta asteburuetan, zabor bilketan. Orain dela bizpahiru urte euskarako azterketa egin nuen, eta udal brigadako funtzionarioa naiz ordutik.

Zer lan egiten dituzu orain?

Sokamuturrerako hesiak jartzen eta kentzen, kale garbiketan, San Joan sua prestatzen, sansebastianetako prestaketetan, inauterietakoetan, saninazioetakoetan... Denetarik egiten dugu orain. Aurreneko sei-zazpi urtetan lorezaintzan eta zabor bilketan aritu nintzen, ordea. Garai hartan, zaborraren bilketa beste era batera egiten zen: gurpildun metalezko edukiontziak kamioira gerturatu, hustu eta berriro beren lekuan utzi behar izaten ziren.

Lanik gustukoena zein duzu?

Lorezaintzan gustura jarduten dut, eguraldi txarrarekin ez da atsegina, baina badakigu eguraldi txarra ala ona egokitu daitekeela. Egokitzen dena hartu behar!

Eta gutxien atsegin duzun lana?

Pintura lanetan ere jardun izan dut pixka bat, baina gutxi. Elektrikari lanetan, berriz, ez dut inoiz jardun, ez daukadalako arrastorik.

Brigadakook kalean egiten duzue lan gehiena, baina barruko lanik egiten al duzue?

Bai, lan gutxi batzuk. Esaterako, sokamuturrerako hesien kontua zuzen eraman behar izaten da: ondo zenbakituta, giltzarrapoak-eta ondo jarrita... Lan erraza dela dirudi, baina ez da horrela. Errege Magoen kabalkadarako kamioia ere apaintzen dugu; umeei egiten dien ilusioagatik gustura egiten den lana da hori.

Zure lanbidean ez dute emakume askok jarduten, ezta?

Beno, orain emakume gehiago gabiltza udal brigadan: Maria eta Ana dira azkena hasitakoak. Lurdesek, berriz, nik baino urte gehiago daramatza brigadan, baina hark biltegiko lanak egiten zituen lehen.

Gertu dira sansebastianak eta inauteriak. Lan asko izaten al duzue festa horietan?

Sansebastianen eta inauterien bueltakoak lan askoko garaiak izaten dira: sokamuturraren ibilbide osoan hesiak jarri eta kendu behar izaten ditugulako, denak ondo zenbakitu behar izaten dutelako...

Batzuek jai, eta zuek lan.

Beno, egin beharreko lanak langileon artean banatuta moldatzen gara.

Sokamuturreko hesien inguruan ibiltzen zara lanean zu askotan...

Hainbeste urtean jardunda, lan horretaz badakit-eta pixka bat: kandadua ondo ipinita dagoen, egurra ondo sartuta al dagoen bere tokian... Urteen poderioz, horrelako detaileekin asko fijatzen naiz. Hasieran, nik ere ez neukan sokamuturreko hesiez arrastorik, baina pixkanaka ikasi nuen horretaz. Gainera, maisu onak izan ditut lanean, edozer galdetuta erantzuteko prest azaltzen zirenak. Jubilatuta dauden lankideak eta Josemai Iturzaeta zena beti laguntzeko prest izan ditut; alde horretatik zorte handia izan dut.

Orain hesiak erraz puskatzen direla esaten dute...

Pipiak jota daude hesiak eta udala denak berritzen ari da. Bat puskatzen bada, berria jartzen dugu, eta aurrera. Sokamuturrean ateratzen dituzten zezenak handiak izaten dira... 

Sokamuturzalea al zara zu?

Ez asko, lanik izango ez banu, ez nintzateke arrimatuko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide