Lizentziak eskuratzeko eta berritzeko aukera zabaldu du Lagun Onak txirrindularitza taldeak

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 8a

Hainbat txirrindulari Inazio Deuna probaren hasieran, duela bi urte.

Azpeitian izapideak Aitzaki Kirolaken, Erreka Biken nahiz Ciclos Benin egin ahal izango dira; Azkoitian, berriz, Aitzaki Kirolaken. Lizentzia egitea zein berritzea 165 euro ordaindu beharko da, eta bi era jarri dituzte ordainketa egiteko.

Lagun Onak txirrindulari elkarteak 2026. urteko denboraldirako txirrindularitza lizentziak eskuratzeko eta berritzeko aukera zabaldu du. Azpeitian izapideak Aitzaki Kirolaken, Erreka Biken nahiz Ciclos Benin egin ahal izango dira; Azkoitian, berriz, Aitzaki Kirolaken.

Lizentzia egitea zein berritzea 165 euro ordaindu beharko da, eta bi eratara egin ahal izango da ordainketa: 165 euro eskaera paperarekin batera aurkeztuta; Gipuzkoako Txirrindularitza Federaziora 160 euroko transferentzia eginda –Laboral Kutxaren ES39 3035 0060 48 0600161107 kontura–, gaian izen-abizenak jarrita eta ordainketaren frogagiriaren kopia lagunonaktxe@gmail.com helbidera bidalita. Falta diren bost euroak eskudirutan eraman beharko dituzte herritarrek eskaera orriarekin batera.

Lizentzia berria egin nahi dutenek iraungi gabeko NAren bi aldeen kopiak, posta elektronikoaren helbidea, eskuko telefonoaren zenbakia eta argazkia aurkeztu beharko dituzte. Berritzea nahi dutenek, berriz, aski izango dute eskaera orria beteta, betiere 2025ean NA ez badute iraungita –iraungita dutenek NA berriaren bi aldeen kopiak aurkeztu beharko dituzte–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide