2026ko udaberrirako eta udarako prestatu dituen lau bidaietarako izen-ematea zabalik dagoela gogoratu du Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak. Martxoan Valentziara (Herrialde Katalanak) joango dira Baigerakoak, ekainean Asturiasera (Espainia) nahiz Kroaziara, eta irailean Frantziara.
Sei egunekoa izango da Baigerakoek Valentziara egingo duten bidaia, martxoaren 23tik 28ra. Hiriburuan Arteen eta Zientzien hiria ikusiko dute, besteak beste, eta Aiora, Xativa, Utiel, Requena, Bunyol, Sagunto eta Altea herriak ere bisitatuko dituzte. Ekainaren 4tik 7ra, berriz, Asturiasera lau eguneko irteera egingo dute Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunen elkartekoek. Oviedo, Gijon, Ribadesella, Cudillero, Luarca, Lastres eta Villaviciosa ezagutzeko aukera izango dute bidaiariek.
Hilabete berean, ekainaren 16tik 25era, egingo dute Kroaziako bidaia, eta besteak beste, Dubrovnik, Split, Zadar eta Zagreb bisitatuko dituzte. Gainera, irteera horretan Bosnia eta Herzegovinako hiriburua –Sarajevo– eta Esloveniakoa –Ljubljana– ere bisitatuko dituzte.
Irailerako, berriz, Frantzian barrena antolatu dute bidaia. Zehazki, irailaren 5etik 9ra Provenza ingurua bisitatuko dute. Txango horretan Montpellier, Nimes, Avignon eta Arles ezagutzeko parada izango dute herritarrek.
Bidaia horien gaineko informazioa zein izena ematea nahi dutenek, Baigeraren bulegora edota Halcon bidaia agentziara jo dezakete.