Jon Bikendi: "Nonbait, kirol garestia aukeratzeko akatsa egin dut"

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 6a

Jon Bikendi. (Nerea Uranga)

Bidean sortutako aukera denei helduta egin du aurrera Jon Bikendik kartingean. Txikitan, Fernando Alonsoren eskolako taldean lehiatu zuen; oraintsu, Nebrija Unibertsitatea taldearekin kartkroseko Espainiako Txapelketan ibili da. Dena den, nazioartean lehiatzeko aukera izan arren, poltsiko betea falta du. "Oro har, automobilismoa garestia da", esan du, urtarrileko Azpeitia Guka aldizkariko elkarrizketa honetan.

Ikasturtearen hasieran "trotea" ibili du Jon Bikendi (Azpeitia, 2007) auto gidari gazteak, baina ekaitzaren ondoren barealdia datorrela eta, lasaia aurreikusten du urte berriaren hasiera. "Atseden pixka bat hartzeko aukera izango dut", esan du. Automobilismoa du zaletasuna, eta gaur egun, automobilgintzari lotutako unibertsitateko ikasketak egiten ari da Madrilen. Kartkroseko Espainiako Txapelketa bukatu berritan, gustura dago sailkapen orokorrean bosgarren postua eta lasterketa batean podiumera igotzea lortu duelako –hirugarren eginda– . Gaztea izan arren, dagoeneko eskarmentua du kartingaren munduan azpeitiarrak.

Espainiako Kartkros Txapelketa bukatu berri duzu. Nola joan da?

Azkenengo lasterketan hirugarren egin nuen, eta txapelketako sailkapen orokorrean bosgarren gelditu naiz. Guztira, zazpi lasterketa egin ditugu Espainiako Estatu osoan zehar, eta denetan parte hartu dut. Beraz, gustura nago egindakoarekin.

Maila handia al dago Espainiako lehian?

Europako maila dago Espainiako Txapelketan, eta Espainiakoa irabazita, Europako Txapelketan hamar aurrenekoetan sartzen zara normalean. Espainian kartkrosean dagoen maila ikaragarria da; munduko txapelketa garrantzitsuenetako bat da. Beraz, maila horretan lehiatzeko, asko ahalegindu behar izan dut.

Noiz eta nolatan hasi zinen kartkrosean lehiatzen?

2023an hasi nintzen kartkrosean. Madrilgo Nebrija Unibertsitatea taldeak pilotoak hautatzeko egindako deialdira aurkeztu nintzen. Hartu egin ninduten, urtebetez junior mailako Espainiako Txapelketan lehiatzeko. Ondo joan zitzaidan urte hura, eta taldearekin harreman ona egin nuen. Ondorioz, Nebrijako taldearekin lehiatzen segitzeko aukera eman zidaten, eta maila hobetzen joan nintzen. Iaz, mailaz aldatuta, kartkroseko Espainiako Txapelketan jardun dut, eta nahiko ondo joan zaigu. Kartkrosean ez dut urte luzeetako esperientzia, berandu hasi nintzelako.

Zergatik da berandu?

15 urterekin hasi nintzen kartkrosean, baina asko 12 urterekin hasten dira junior mailan lehiatzen; nik, ordea, adin horretan ez neukan dirurik eta aukerarik hasteko. Lehiatzeko modua eduki nuenean, baina, aprobetxatu egin nuen. Hori bai, unibertsitateak eskaini izan ez balit, ez nukeen lehiatzeko aukerarik izango. Orain, gainera, Automobilgintza Ingeniaritza ikasketak ari naiz egiten Nebrija Unibertsitatean. Aurretik, nahiz eta kartkrosean lehiatu, DBH eta Batxilergoa Urola Ikastolan [orain Izarraizpe Ikastola Publikoa] egin nituen, eta unibertsitate garaia etorritakoan joan naiz Madrilera. Hiri handi batera joateak bertigo pixkat ematen zidan hasieran, baina orain oso gustura ibiltzen naiz han.

Beraz, zure jardunarekin lotutako ikasketak ari zara egiten.

Mekaniko lana baino gehiago gustatzen zait autoak diseinatzea eta doikuntzak egitea, baita autoak gidatzea ere. Ikasgelan, fisika, kalkuloa eta horrelakoak ikasten ditut, baina auto lasterketez eta autoez bertatik bertara ari naiz ikasten; presiopean lan egitea zer den eta... Gainera, lehiatzeaz gain, beste proba batzuetara ere joaten naiz taldeari laguntzera, eta asko ikasten dut.

Kartkrosean lehiatzeko diru asko behar al da?

Bai, automobilgintzan, oro har, behar da dirua. Nik unibertsitatearen beka jaso dut kartkrosean lehiatzeko, baina nik ere jarri behar dut diruaren zati bat. Autoa garestia da, mantenimendua ere bai... Laguntza izanda ere, denboraldi bat egitea asko kostatzen da. Esaterako, Europako Kartkros Txapelketa jokatzeko aukera izan arren, bideraezina da han aritzea; izan ere, igoal, autoa Letoniaraino eraman beharko nuke eta gero handik ekarri.

Espainiako Kartkros Txapelketarako zer eskaintzen dizu taldeak?

Autoa taldearena da, eta taldeak du autoaren mantenimenduaren eta garraioaren ardura. Auto hori gidatzea eta ahalik eta postu onena egitea da niri dagokidana. Probaren batean istripua izan eta autoari zerbait puskatzen baldin bazaio, taldeko mekanikoei uzten diet konpontzeko; nire lana hor bukatzen da. Dena den, aukeran, puskatzen ez badugu hobe...

Zenbat pilotu zaudete taldean?

Espainiako Autokros Txapelketan lau taldekide aritzen gara: bi kataluniar, asturiar bat eta ni. Europa mailako taldean beste batzuk daude: frantses bat, asturiar bat eta israeldar bat. Unibertsitateak elkarlana du kartkrosak ekoizten dituen enpresa batekin, eta unibertsitateko gidariekin eta enpresa horretakoekin talde bakar bat osatu dute.

Nolako harremana da taldekideon artekoa?

Aurten ona, nire mailan ez direlako lehiatzen gainerakoak. Aurreko urteetan eduki izan dut taldean nire mailako lehiakideren bat, eta tentsioa egoten da halakoetan. Izan ere, jokoan kontu asko daudenean, ez da erraza izaten harreman ona mantentzea. Lagunak gara, baina askotan zaila da aurkakotasuna non hasten den eta bukatzen den jakitea. Kontu handiz ibili behar da, tentsio handia egoten delako.

Jon Bikendi, kartkroseko Espainiako Txapelketako proba batean. (Utzitakoa)

Zer ezaugarri ditu zuk gidatzen duzun kartkrosak?

Yamaha motorra du. Ez dira auto lasterketetako autoak, ezta errepidekoak ere; propio kartkroserako egindako autoak dira. Oso arinak dira, 400 kilo bakarrik pisatzen dituzte autoek, eta 130 zaldiko potentzia dute. Adibidez, kartkros bat Formula 2 bat baino lehenago iristen da geldi egotetik 50 kilometro orduko abiadurara, eta hori gertatzen da autoak pisu gutxiago duelako. Lur gaineko zirkuituetan lehiatzen dugu, eta zortzi bat itzuliko probak izaten dira. Hamabost autok batera irteten dugunez eta zirkuituak nahiko estuak izaten direnez, tokia egiteko nahiko lan ibiltzen dugu.

Nola moldatzen zara entrenatzeko?

Azpeititik gertuen ditudan kartkroseko zirkuituak Mendabiakoa [Nafarroa] eta Miranda Ebrokoa [Espainia] dira; biak ere nahiko urruti daude. Gainontzean, denboraldi-aurrea egiteko toki bat prestatzen digu taldeak; azkenekoa Lleidan [Katalunia] egin genuen, eta Huescako [Espainia] zirkuitu batean ere ibili ginen. Normalean, neure kasa entrenatzeko aukerarik ez dut izaten, horretarako ere ordaindu egin behar izaten delako. Noiz edo noiz iritsi naiz Espainiako Txapelketara ia autoa ukitu ere egin gabe, eta gogorra izaten da batere entrenatu gabe lehiatu behar izatea. Beste gidari batzuk, berriz, astero ibiltzen dira batean eta bestean entrenatzen, txapelketak jokatzen, Europan lehiatzen...

Entrenamendu fisikorik egiten al duzue?

Ahal dudan arinen egoten saiatzen naiz. Horretarako, korrika egiten dut, mendira joaten naiz... eta neure burua zaindu egiten dut. Ez dugu gimnasioan giharrak lantzen ibili beharrik, baina saiatzen naiz txukun jaten, kirola egiten, gorputza arin mantentzen. 

Nolakoak izan ziren automobilismoko hastapenak?

Lehen, aita auto lasterketetan eta rallyetan pilotu eta kopilotu ibiltzen zen, eta igoal, harengandik etorriko zait zaletasuna. Gurasoek, baina, inoiz ez naute bultzatu zerbait egitera; zerbait egin badut nik nahi izan dudalako izan da. 6 urterekin eskatu nien gurasoei lehietarako kart bat. Orduan, batzuetan Olaberriara [Gipuzkoa] joaten ginen kart txikietan ibiltzera, baina nik lasterketetako autoa nahi nuen. Azkenean, 7 urterekin ekarri zidaten nik eskatzen nuen bezalako kart-a. 2016an, 8 urte nituenean, Fernando Alonsok antolatutako kartingeko udalekuetara joan nintzen. Gero, udaleku haietan ondo moldatu ginenoi Fernando Alonsoren karting eskolako taldearekin lehiatzeko aukera eman ziguten, eta kartingeko Asturiasko Txapelketan lehiatu genuen.

Zer-nolako esperientzia izan zen Fernando Alonsoren karting eskolako taldearekin lehiatzea?

Hiruzpalau urte egin nituen Fernando Alonsoren taldearekin lehiatzen, eta Asturiasko txapeldunorde izan nintzen. Asko ikasi nuen. Gero, COVID-19aren pandemiagatik, bertan behera utzi zuten Asturiasko Txapelketa. Ondoren, Espainiako Txapelketara igarotzea edota ibilbidea bukatutzat jotzea besterik ez zitzaidan gelditu, eta pare bat urtez gauzak probatzen, noraezean, ibili nintzen. 2023an, berriz, Nebrija Unibertsitatearen taldeak kartkroseko Espainiako Txapelketa jokatzeko eskaintza egin zidan, eta hor jarraitzen dut gaur egun. Helduetan kartingean lehiatzea askoz garestiagoa da, eta Formulan aritzea, zer esanik ez. Kartkrosa beste aukera bat da, baina desberdina: kanbioak, enbragea, esku-frenoa... Modalitate horretara egokitzeko urtebete behar izaten da.

Orain, zer asmo dituzu?

Andorran kartkroseko txapelketa izango da elurretan. Nire taldeak han lehiatuko du, baina nik ez. Nahiz eta taldearen laguntza izan, diru asko behar da txapelketa horretan aritzeko, eta guk ez dugu soberan. Beraz, negu partean geldialdia egingo dudala pentsatzen dut. Gero, badut Espainiako Txapelketan aritzeko asmoa, baina ez dut ezer argi, babesa beharko dudalako.

Babesle bila ate joka ibiltzen al zara?

Bai, saiatu izan naiz, baina ez zait inoiz ezer etorri bueltan. Euskadiko Federazioa-eta beti dira zerbait egitekotan, baina ez du ezerk aurrera egiten. Ateak jo ditugu, asko, eta unibertsitateak ate bat ireki zigunez, aurrera egin genuen. Datorren Espainiako Txapelketa osoa egiteko, ordea, babesa beharko dut.

Aurrera egiteko bidea zaila ikusten duzu, beraz.

Kirol garestia aukeratu dut, akats hori egin izango nuen. Ahal den bitartean, disfrutatzeko eta esperientzia bizitzeko filosofiarekin jarraituko dut aurrera. Egia da, ordea, ekonomikoki izugarrizko estutua eskatzen duela aurrera egiteak.

Aurrera begira beste modalitaterik probatzeko gogorik bai?

Momentuz kartkrosean jarraitzeko asmoa dut, baina hemendik urte batzuetara rallyak probatzea ere gustatuko litzaidake. Ni rallyzalea izan naiz beti, zirkuituko probak baino gehiago gustatu izan zaizkit. Gustatuko litzaidake rally bat-edo probatzea, nahiz eta, igoal, amari ez liokeen grazia handirik egingo; izan ere, pixka bat arriskutsua bada eta... Ezeri ez diot aterik ixten.

Motzean

Auto gidari bat? Max Verstappen.
Auto bat? Nik gidatzen dudan kartkrosa, SpeedKart Wonder-R.
Zirkuitu bat? Extremadurako Jerez de Los Caballerosekoa [Espainia].
Ikusteko lasterketa bat? Finlandiako rallya ikaragarria da.
Beste zaletasunik? Mendira korrika joatea, eta gainontzean, dena gurpilduna: autoak, motorrak, bizikletak...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide