Izarraizpe Ikastola Publikoa BHIk baserritar arropak jasoko ditu, eta herritarrei dei egin die erabiltzen ez dituzten jantziak eman ditzaten. Eskolako idazkaritzan eta Elkar-ekinen egoitzan jasoko dituzte arropak.
Ikasle etorri berriak Santa Ageda bezperan eskean ateratzeko aukera izan dezaten antolatu du eskolak arropa bilketa. "Dakizuen bezala, jatorri migranteko ikasle asko ditugu gure ikasleen artean. Era berean, ikasturtean zehar gure hizkuntza eta ohiturak erakutsi asmoz ekimen ugari antolatzen ditugu. Horietako bat da otsailaren 4an ospatzen den Santa Ageda bezperako eskea. Ikasle, irakasle eta boluntario talde bat bilduko gara eskera irteteko, baina ikasle etorri berri guztiek irten ahal izateko, baserritar arropen beharra dugu", adierazi dute Izarraizpe BHIko arduradunek.
Hori dela eta, erabiltzen ez dituzten baserritar arropak eskolako idazkaritzan nahiz Elkar-ekin elkartearen egoitzan eman ditzaketela jakinarazi diete herritarrei. "Arropa hauek herriko festa ezberdinetan parte hartzeko ikasleei uztea da gure nahia, eskolan biltegi bat sortuz", esan dute.