Erretratua

Mikel Azkune: "Neurri batean, galdu egin da euskaldun izatearen harrotasuna"

Mailo Oiarzabal 2026ko otsailaren 11

Mikel Azkuneren erretratua. (Olatz Alkorta)

Kirol zuzendaritzetan lan boluntarioa egitea zer den ondo baino hobeto daki. ISBn izan zuen lehen esperientzia, baina futbolean bizi izan ditu gehienak. Lagun Onak, Touring, Gipuzkoako federazioa eta, orain, Euskal Futbol Federazioa, ofizialtasunaren ametsari uko egiteko asmorik gabe.

"Kasualitatez" hitza behin baino gehiagotan aipatu du Mikel Azkunek (Loiola, 1967) izan dituen arduretara nola iritsi izan den azaltzerakoan. Hala ere, bere ibilibideari erreparatuta, badira agerian gelditzen diren ardatzak: kirola, herrigintza eta euskara; ez derrigor hurrenkera horretan, baina bai sarri, eta uztartuta ere bai, askotan.

Publizitate ikasketak egin zituen EHUn eta arlo komertzialean lan egin izan du beti, euskarazko prentsari lotuta. Duela 22 urte pasatxo, 2003ko urrian, Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako bidegabekeria ankerraren albo kalte zuzen bihurtu zen. Egunkariaren auzi ekonomikoa zeritzonaren barruan atxilotu zuten, Eneko Etxeberria herrikidea bezala: bost egun inkomunikatuta pasatu ostean, 12.000 euroko fidantza ordainduta eta inputatuta utzi zuten kalean. 2010ean, akusazioak ezerezean utzi zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina bien bitartean, kontuak bahituta eta hamabostean behin epaitegira joatera derrigortuta bizi izan zen Azkune. Lehen sarekadan atxilotutako guztiek tortura gogorrak jasan zituzten, eta haiek ondo gogoan zituzten Azkunek eta bigarren sarekadan atxilotutako guztiek: "Etxera sartu zirenean 2 urteko eta hamar hilabeteko haurrak nituen. Pentsa. Ni ez ninduten torturatu; beno, fisikoki ez. Baina hartatik ere asko ikasi nuen eta pertsona bezala indartuta atera nintzen".

Mikel Azkune. (Mailo Oiarzabal)

Lagun Onakera, soziedadekoekin

Futbolean kluben zein federazioen zuzendaritzetan izan dituen ardurengatik nabarmendu da azken urteetan Azkune. Futbolzalea, bai, baina oro har, kirolzale amorratua izan da beti. "Bai praktikatu eta bai ikusi", kirol asko egindakoa eta jarraitutakoa da. Futbolean, jokalari "ibilbide motza" izan zuela dio. Gerora eta zuzendaritzetako kide gisa kirol horrekin urte luzez harreman estua izan du, baina kirola egiterakoan, bakarkako jardunean askoz gehiago aritu da eta aritzen da. Korrika eta mendia dira, hain zuzen, egiteko gehien gustatzen zaizkionak: "16 urterekin korritu nuen lehen Behobia; hogeitik gora egin ditut, eta lau maratoi ere bai. Mendian ere asko ibili izan naiz, hemengoetan, Pirinioetan, eta behin Mont Blanc-en ere izan nintzen". Ikusle gisa, berriz, kirol asko eta askotariko kirolak jarraitzea gustatu izan zaio: "Tenisa asko jarraitzen nuen gaztetan, eta golfa ere bai, Olazabalen sasoian. Eta eskubaloia, saskibaloia... Hain zuzen, Iraurgiren zuzendaritzan ere ibili nintzen urte batzuetan, kuadrillako jendea neukalako han".

Saskibaloi klubean baino lehenago egon zen, ordea, Lagun Onak futbol klubaren zuzendaritzan. 18 urterekin iritsi zen Garmendipeko bulegora, "kasualitatez, noski", Loiolako soziedadeko kideen eskutik, bera baino dezentez helduago ziren gizonekin: "Hiru urtez egon nintzen Lagun Onaken eta asko ikasi nuen. Zuzendaritzako gehienak ni baino bi edo hiru belaunaldi zaharragoak ziren, baina oso eroso sentitu nintzen".

Goian, zutik, ezkerretik hirugarrena da Azkune. Behean, Lagun Onaken zuzendaritzan ibili zen aroan; zutik, eskubitik bigarrena da. (Utzitakoak)

Lagun Onaken diruzain lanetan ibili zen nagusiki Azkune. Herriko futbol taldearen lema eramaten laguntzeak zekarren "ardura" aipatu du: "Erabakiak hartzea tokatzen zaizu eta askotan ez dira denen gustukoak izaten. Familia asko daude atzetik, diru bat ordaintzen dutenak, eta horiek erantzukizun bat eskatzen dute, noski. Gauza da denek dakitela futbolaz, eta batzuek uste dutela Oiarzabal bat edo Sarriegi bat dutela etxean. Gutxi dira, hala ere; gehienek egiten dugun lana eskertzen dute".

Azpeititik Errenteriara

Jaioterriarekin dituen loturak ez ditu inoiz alde batera utzi, baina Azpeitian baino urte gehiago daramatza Azpeititik kanpo bizitzen Azkunek. 23 urterekin joan zen herritik, eta Errenterian (Gipuzkoa) eman ditu harrezkeroko urte gehienak. Eta, han ere, herriko futbol taldearen zuzendaritzan murgilduta dabil loiolatarra. Argi utzi du, izan ere: "Errenterian, azpeitiarra naiz ni. Baina Azpeitian, loiolatarra, beti".

Duela zazpi urte pasa iritsi zen Touring klubaren zuzendaritzara, "beste kasualitate bat" tarteko; bere bi semeak klubeko jokalariak ziren. "Egoera oso kaskarra" bizi zuen eta desagertzeko zorian zegoen klubaren ardura hartu zuten Azkunek eta guraso talde batek; zazpi urteren ondoren, bestelakoa da Touringen errealitatea eta egin duten lanaren emaitzarekin harro dagoela nabari zaio azpeitiarrari: "Oso lantalde jatorra osatu genuen, euskal girokoa, gainera. Bertako balioak indartu nahi genituen, gizarte arloa eta komunikazioa landu, klubean hutsaren hurrena zen euskararen erabilera bultzatu... Herrira iristea nahi genuen, alde batera geldituta baitzegoen".

Behobian korrika, Joxe Mari Arregi 'Iturbide'-rekin. (Utzitakoa)

Horiek denak ondo bideratzeko lanean, Touringen jarraitzen du, "oso gustura". Errenteriako klubaren ordezkari gisa egin ditu, hain zuzen, futbol federazioetan urratsak, Gipuzkoakoan aurrena, eta Euskal Futbol Federazioan (EFF) gero. Bigarren aldia du egungoa EFFn, eta hiru presidenteordeetako bat da, Gipuzkoa ordezkatuz. Touringen bezala, "agintean urte askoan zegoen zuzendaritzari aurre egiteko" plataforma batekin iritsi zen Gipuzkoako federaziora, duela bospasei urte. "Hor aritzean jende asko ezagutzen duzu. Horien artean, EFFko egungo lehendariarekin [Iker Goñi] topo egin, eta harreman ona sortu genuen", azaldu du Azkunek. Duela urtebete jaso zuen Goñiren proposamena: federazioko hauteskundeetara aurkezteko taldea osatzen ari zen, eta Gipuzkoako ordezkari gisa Azkune hautagaitzara batzea nahi zuen. "Dena uztekotan nintzen, baina saltsero samarra naiz. Proiektua zein zen sakonago azaldu zidanean, baiezkoa eman nion. Kanpainan, Gipuzkoako talde guztiak bisitatu genituen elkarrekin eta hauteskundeak irabaztea lortu genuen, gehiengo osoarekin, faboritoak hautagai ofizialistak zirenean". Joan den ekainean izan zen hori. Federazioan dituen ardurez galdetuta, "nahi dituzun adina", erantzun du, eta azpimarra egin ere bai: "Jende askok ez daki, eta argi utzi behar da: lan boluntarioa da eta inork ez du sosik kobratzen".

Sugarra hauspotzen

Gorabehera eta joan-etorri guztiekin, Euskal Selekzioa da aspalditik EFFren jardunaren ikur nagusia; selekzioaren gaineko albisteren bat denean aipatzen dira nagusiki federazio horren siglak. Eta aspaldiko partez, ozen entzun eta argi ikusi zen Euskal Selekzioaren jarduna joan den urrian, San Mamesen Palestinaren kontra jokatu zuen partidaren karietara.

Danborradan, Alkartasuna taldeko kideekin; ezkerretik hasita aurrena da Azkune. (Utzitakoa)

Palestinaren kontrako lagunartekoaren emaitza, arrazoi askogatik, "borobila" izan dela dio Azkunek, baina ez daki ahulduta zegoen selekzioaren sugarra hauspotzeko inflexio puntua izango al den. Hala izatea nahi luke, eta federazioan ofizialtasunaren aldeko ahaleginean sakontzeko prest daudela azaldu du, zailtasunak zailtasun. "Gizartean oro har galdu da, nolabait, euskaldun izatearen harrotasun hori, eta futbolean ere bai", dio, selekzioarekiko atxikimenduaren eboluzioa azaltzeko arrazoietako bat aipatuz, futbol profesionalaren egutegi gero eta estuagoak eta, nola ez, borondate politikoaren erabateko pisua ahaztu gabe, baina horrek ez dio baikortasunik kentzen: "Badakigu zaila dela, baina amets egin dezagun".

Motzean

Adina: 58 urte.
Ikasketak: Publizitatean lizentziatua.
Lanbidea: Ordezkari komertziala, Berrian.
Ordezkari komertziala ez banintz… Kazetari frustratua naiz.
Lanetik ateratzean gogoko dut… txakurra hartu eta mendira joatea, dekretuz, gainera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide