Igerileku aurreko jolas parkearen estalkia handitzen hasiko da udala astelehenean

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 10a

Igerileku aurreko estalpea. (Azpeitiko Udala)

Datozen hilabeteetan Sanjuandegin egingo dituen obren lehen fasean parkeko estalpea bikoiztuko du udalak, eta ondoren, espaloiak eta markesinak berrituko ditu.

Euri egunetan haurrek kanpoan jolas dezaten estalitako parkeak "aterabide aproposak" direla jakitun, eta Sanjuandegi auzoan, igerileku aurrean, dagoenak "erabilera handia" duela kontuan hartuta, hango estalkia handitu egingo du Azpeitiko Udalak, umeek jolaserako "espazio handiagoa" izan dezaten. Haren arabera, gutxi gorabehera bikoiztu egingo da egun dagoen eremua. 

Etzi, astelehenez, hasiko dituzte lanak, eta horiek gauzatu ahal izateko, hesitu egingo dute jolas parkearen estalki berriak hartuko duen lekua. Hori dela eta, autobus geltokitik igerilekura bitarteko espaloia eta aparkalekuak ez dira erabilgarri egongo, eta beraz, oinezkoek ibai aldeko espaloitik igaro beharko dute; ordea, autobus zerbitzuan ez dute eraginik izango obrek. 

Udalaren esanetan, Sanjuandegiko jolas parkearen estalkia handitzea handiagoa den obra baten zati bat izango da. Izan ere, 330.000 euroko aurrekontuarekin, beste hainbat esku hartze egingo dituzte auzo horretan bertan, eta astelehenean hasiko diren lanak lehen fasekoak izango dira. Estalkiaren lanak martxoa erdialderako amaitzea aurreikusten du erakundeak, eta horiek egindakoan, autobus geltokitik igerilekura arteko espaloia berrituko du. 

Ondoren, auzoko autobus geltokietako markesinak aldatuko dituzte; Julian Elortzako eta Trenbidearen Museoko geltokietan dauden bezalakoek ordezkatuko dituzte egungoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide