Txinpartarekin, Irribarriaren pilotakadak bezala

Mailo Oiarzabal 2026ko urtarrilaren 10a

Txotxeko sagardoaren denboraldia martxan da Añota sagardotegian. Iker Irribarria pilotari ohia izan da irekiera ekitaldiko gonbidatu nagusia. 150 bat lagun elkartu dira eguerdian Elosiagan, sagardo berria dastatzeko eta bazkaltzeko.

Gaur eguerdian ireki dute 2026ko txotx denboraldia Elosiagako Añota sagardotegian. Iker Irribarria pilotari ohia izan da 2025eko sagar uztatik eratorritako sagardo berriari lehen tragoa egiteko ohorea izan duena, eta haren atzetik dastatu ahal izan dute edari preziatua bazkaltzeko elkartu diren 150 bat lagunek. Aurretik, tabernan elkartuta zeuden guztiek txistorra pintxo bana dastatzeko aukera izan dute jangelako sarerran, upeltokirako bidean.

Xebastian Lizaso eta Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe bertsolariak izan dira Irribarriaren atzetik sagardoa txotxetik edan ahal izan duten aurrenak, kantuan hasi aurretik; Irribarriari loreak bota dizkiote bi bertsolariek, eta sagardo berriak haren pilotakadek zuten "txinparta" bera izatea espero dutela esan dute, besteak beste.

Txotxeko sagardoaren sasoi berriaren hasierako ekitaldiari musika jarri dioten Izer eta Alabier ere igaro dira ondoren, edalontzi bana eskutan, Añotako sagardo berria dastatzera.

Sagardo gehiago aukeran

Aurten, aurreko urteetan baino sagardo gehiago izango dute aukeran Añotara joaten direnek, upel berriak jarri baitituzte sagardotegiko garai bateko jangelan.

2025eko sagar uztaren emaitzan sagardo "biguna" zein "gorputz gehiago duena" nahastu direla azaldu du Luis Beloki Añotako nagusiak. Uda lehorraren ondorioz, uzta ohi baino gehiago aurreratu zitzaien, baina ohi baino luzeagoa ere izan zen uzta sasoia: horrela, uzta hasieran jasotako sagarrekin egindakoa sagardo "bigunoagoa" da, Belokiren esanetan, eta gorpuzduna, aldiz, uzta bukaerako fruituekin egindakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide