Sasoiko zazpigarren garaipena poltsikoratu du Domusa Teknik ISBk

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 12a

Nora Arozena, uztaipean. (Mikel Amenabar 'Otola')

ISBko emakumeek Azpeitiko kiroldegian jokatu zuten ligako hamabosgarren jardunaldiko partida, eta otsoek MCR Lima-Horta Barcelona taldea hartu zuten mendean. Gizonen Biele ISB taldeak, bestalde, galdu egin zuen Logrobasket Logi7 taldearen etxean.

Domusa Teknik ISBk indarberrituta hasi du 2026. urtea. Joan den astean, Paternan (Valentzia, Herrialde Katalanak) irabazi zuen Luis Agirrek zuzentzen duen taldeak, eta herenegun, zapatua, MCR Lima-Horta Barcelona taldea hartu zuen mendean 70-56 irabazita. Azkoitiko Elkargunean ziren ISBko emakumeak Bartzelonako taldearen aurka jokatzekoak, baina hango itoginak tarteko, Azpeitira lekualdatu zuten partida; ISBk ez zuen kantxa aldaketa nabaritu, eta sasoiko zazpigarren garaipena pilatu zuen. 

Lehen zatian hautsi zuen partida Domusa Teknik ISBk; izan eren, atsedenaldirako hamazazpi puntuko aldea zuten Agirrerenek (39-22). Bigarren zatian, berriz, abantailari eusten jakin zuen taldeak. Etxekoek baino partzial hobeak lortu zituen Bartzelonako taldeak hirugarren eta laugarren laurdenetan, baina Kataluniakoen saiakera motz gelditu zen. ISBk estutasunik gabe irabazi zuen partida. 

Nora Arozena jokalari azkoitiarra izan zen taldeko onena zapatuan; hark 8 puntu saskiratu zituen, baina batez besteko onena harena izan zen, 14 puntukoa, guztira. Datorren asteburuan, sailkapeneko azken postuan dagoen CB Santfeliuenc taldearen etxean jokatuko dute ISBkoek; Sant Feliu de Llobregateko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) Juan Carlos Navarro kirol jauregian jokatuko dute partida zapatuan, 18:15ean hasita. 

Gizonen bigarren porrota jarraian

Biele ISB taldeak, bestalde, galdu egin zuen atzo, igandea, Logroñoko (Espainia) Lobete kiroldegian. Iñigo Nuñezenek 70-65 galdu zuten sailkapeneko beheko postuetan dagoen Logrobasket Logi7 taldearen aurka. Azkenaldian etxean sendo dabilen arerioa izan zuten otsoek aurrean atzo, astelehena. 

Azkoiti-Azpeitiko taldeak ondo ekin zion lehiari, eta lehen laurdena amaitzean sei puntu goitik zen. Ordea, atsedenaldirako etxekoek lehia irauli zuten, eta aldageletarako bidea puntu bat goitik hartu zuten haiek (36-35). Azken bi laurdenetan pare-parean aritu ziren bi taldeak; hirugarren laurdena 55-54 amaitu zuten, eta hori hala, etxeko taldeak eta Biele ISBk azken laurdenerako utzi zuten partidaren gaineko erabakia. Azken hamar minutuetan, ordea, Logroñoko taldea ISB baino gehiago izan zen, eta haiek lortu zuten garaipena; otsoei kostatu egin zitzaien puntuak pilatzea –11 puntu baino ez zituen saskiratu Nuñezen taldeak azken laurdenean–, eta amore eman behar izan zuten Logroñon. 

Nazir Williams joko antolatzailea izan zen Biele ISBko onena atzo; 14 puntu saskiratu eta 14 puntuko balorazioa eskuratu zuen hark. Azken bi jardunaldietan ez du garaipenik pilatu ISBk, baina, sailkapeneko bigarren postuan da oraindik. Coto Cordoba CB da egun sailkapenaren buruan 11 garaipenekin, eta hamarna garaipenekin daude Biele ISB, UEMC Valladolid Baloncesto eta Insolac Caja 87 taldeak, hurrenez hurren. Datorren igandean, hilak 18, etxean arituko dira ISBko gizonak; CB Starlabs Moron taldea izango dute aurkari haiek, 18:00etan hasita. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide