Zegozkien aurkariei ez ezik, Goretti ekaitzaren eraginari ere aurre egin behar izan diote Lagun Onak futbol klubaren talde nagusiek joan den asteburuan. Emaitzak ikusita, ekaitzak kalterik ez diela egin esan daiteke, gizon zein emakume nagusi izan baitziren beren partidetan.
Zapatuan, Garmendipen, balio handiko hiru puntu eskuratu zituen Lagun Onaken gizonen taldeak. Espainiako Hirugarren Mailako lehen itzuliko azken jardunaldian, sailkapenaren goiko postuetan aurkari zuzenetako bat duen Leioari 1-0 irabazi zion. Egindako golei etekin ezinhobea atera die Jose Luis Riberaren taldeak lehen itzuliaren azken txanpan, azken hiru partidetan gol bana eginda, bederatzi puntu batu baititu. Ondorioz, hamazazpi neurketatan 30 puntu eskuratuta, sailkapenaren bigarren tokian bukatu du lehen itzulia Lagun Onakek. 41 punturekin aparteko liga jokatzen ari den Portugalete besterik ez dute gainetik Azpeitikoek; atzetik, berriz, puntu gutxiren tartean talde mordoska.
Zapatura arte 27na punturekin ziren Lagun Onak eta Leioa. Bien arteko lehia estua aurreikusten zen, eta horrela izan zen hein batean, baina etxekoak hobeto moldatu ziren partidak aurrera egin ahala lokazti bihurtu zen zelaiaren gainean. Lehen zatiko 21. minutuan egin zuen Markel Ucinek azkenean partida erabaki zuen gola; areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin gainditu zuen hegaleko atzelari donostiarrak Leioaren atezaina, urtebetetze egunean bere buruari opari ederra eginez. Atsedenaldirako bidean, Lagun Onakek aurkariaren areara erraz iristen jarraitu zuen. Beste gol bat egitea besterik ez zuen falta izan Riberaren taldeak, baina bigarrena ez zen iritsi, eta, horrenbestez, amaieraraino borrokan jarraitu behar izan zuten etxeko jokalariek. Bigarren zatian, atzean sendo aritu zen Lagun Onak; hala ere, pare bat aukera on izan zituen Leioak berdinketa egiteko, baina Bastida atezainak bikain deuseztu zituen.
Datorren zapatuan berriro Garmendipen jokatuko dute Lagun Onaken gizonek. Bigarren itzuliko lehen jardunaldian, Aurrera Ondarroa hartuko dute (17:00).
Markagailua iraulita
Gabonetako etenaren ostean, 2026ko lehen jardunaldia jokatu dute asteburuan Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailan, eta urtea ondo hasi du Lagun Onakek, Oriokori 1-2 irabazita.
Haize eta euri jasa pean jokatutako partidan, atzetik aurrera egin zuen Lagun Onakek Orion. Hotz ekin zion Azpeitiko taldeak, eta, gainera, neurketa hasi eta berehala 1-0 jarri zen aurretik Orioko. Lehen zati horretan bi taldeak ere nahiko ezinean aritu ziren, bata bestea mendean hartu ezinda. Hala ere, penaltitik, markagailua berdintzea lortu zuen Segurolaren eta Zubizarretaren taldeak atsedenaldiaren aurretik; Malen Zabalak egin zuen gola. 1-1ekoak hauspotuta, bigarren zatian nagusi izan zen Lagun Onak eta gol aukera ugari sortu zituen. Horietako batean, 80. minutuan, Julene Elustondok, area barrutik jaurtita, egin zuen partida erabaki zuen gola, markagailua irauliz. Hortik amaiera artean estu hartu zuten etxekoek Lagun Onak, baina hiru puntuek Azpeitira egin zuten hegan.
Orion batutakoekin, 22 puntu ditu Lagun Onakek eta sailkapenaren erdi-erdian dago, zortzigarren tokian. Datorren asteburuan bukatuko da lehen itzulia Ohorezko Erregional Mailan eta Garmendipen agurtuko du Lagun Onakek, Touringen kontra.