Sansebastianak 2026

Iturri eta Vivero batuta, 33 taldera iritsiko da helduen danborrada

Kris Fernandez 2026ko urtarrilaren 12a

Ezkerrean, Vivero taldearen jantzia, eta eskuinean, Iturri taldearena. Talde horien jantziekin egindako muntaia da hau.

Sanjuandegiko bi talde berri batuko dira aurtengo helduen danborradara, eta inoizko jendetsuena bilakatuko da festa. Xehetasun guztiak prest izateko denbora luzez lan gogorra egin ondoren, San Sebastian bezperarako gogoz dira bi taldeak. San Sebastian festen egunkari bereziko edukia da honako hau.

Urtez urte, eta poliki-poliki, Azpeitiko danborrada etengabe haziz doa. Etenik ez duen ur jauziaren emariaren gisan, talde berriak danbor festara batzen joan dira azken urteetan. Azken bi urteetan, adibidez, hiru talde gehiago izatera iritsi da helduen danborrada: iaz Perdillegi taldea batu zen, eta aurten, Iturri eta Vivero elkarteei emango diete ongietorria. Batak zein besteak azken urtean egindako lana garrantzitsua izan da, eta San Sebastian bezperako danborradan, gozatzea besterik ez dute espero.

Azpeitiko elkarte zaharrenetakoa den arren –1978. urtean sortu zen soziedadea–, aurten estreinatuko da danborradan Iturri. Elkarteko gazteen ekimenez sortu dutela danbor taldea jakinarazi dute soziedadeko kideek. "Bazkide zaharren seme-alabek jarri dute mahai gainean gaia. Txikitatik elkartearen bueltan ibili garenok beti galdetu dugun zerbait izan arren, ez da inoiz planteatu; izan ere, lan gehiegi zela esaten ziguten gurasoek. Baina, orain, gazteek iniziatiba hartu dute, eta gaia landu ondoren, aurrera egitea erabaki dugu", azaldu du Ainara Betegi Iturriko kideak.

Ideia mahai gainean jarri zutenean, "egingarria" zela ikusi zuten, eta, beraz, aurrera egitea erabaki. Hala, iazko urtarrilean jarri zuten abian prozesua, eta otsailaren 1erako eskaera sartuta zuten udaletxean. Azkar egin zituzten gauzak. Aitzol Kortajarena elkarteko kideak adierazi du proposamenak harrera «oso positiboa» izan zuela elkarteko kideen artean, eta ondorioz, lehen pauso horiek "azkarrago" emateko aukera izan zutela.

Udalaren baiezkoa esku artean izan zutenean, elkarteko batzarra deitu zuten, eta bertan osatu zuten danborradako zuzendaritza. Talde hori izan da prozesu guztia aurrera eramateko ardura izan duena.

Udalera aurkeztu beharreko proiektuan, danborradan erabiliko duten jantzitegiaren azalpenak zehaztu behar izaten direla azaldu du Ander Urbieta taldekideak. Iturriren kasuan, elkartearen izena ezin zuten albo batera utzi eta, beraz, iturriak zeresan handia izan du jantziak sortzerakoan. "Baserri lurretan eraikitako elkartea da Iturri, eta hori jakinda, jarraitu behar genuen bidea garbi izan dugu hasieratik; baserritarra nola joaten zen ur bila irudikatu nahi izan dugu. Horri omenalditxoa egin nahi izan diogu", adierazi du Urbietak.

Ideia hori argi izanda, azterketa lanetan hasi ziren. "Ez genuen ohiko baserritar jantzia izatea nahi", dio Urbietak, eta horrela, XIX. mendean kalean bizi ziren herritarren jantzietara iritsi ziren. "Liburutegiko liburuen eta argazkien artean murgildu ginen. Emakumeen jantziak ur bila joaten zirenen jantzian oinarritzen dira, eta gizonezkoenak, berriz, kaleko jantzian. Baratzerako jantziak alde batera utzi genituen, eta kalekoak hartu ditugu oinarritzat", azaldu du Betegik. Hala, gizonen eta emakumeen jantziak erabakita, bozketa egin zuten elkarteko kideen artean, bietako bat hautatzeko, eta gizonezkoena izan zen aukeratua. Talde osoa gizonezkoen jantziarekin irtengo da, beraz.

"Baratzerako jantziak alde batera utzi genituen, eta kalekoak hartu ditugu oinarritzat"

Kantineren eta banderadunaren jantziak emakumezkoenak diren arren, gizonezkoren batek irten nahiko balu, badu egokitutako jantzia. "Jantzi desberdinak egin ditugu. Hau da, zuzendarientzat bi jantzi ditugu, emakumezkoarena eta gizonezkoarena, eta kantinera gizonezkoren batek irten nahiko balu, jantzia izango luke". Jantzia osatzeko, eta barrika jotzea egokitu zaienez, danborrari ferreta –ur bila joateko ontzia– forma eman diote; "kupel ukitua" ere badu, ordea, "burdinezko aroak dituelako".

Hori bai, baserritar onak bezala, zero kilometro kontzeptua jarraitu dute jantziak osatzeko orduan. Danborrak Oriyok egin ditu, jantziak Sanjuandegiko Urkizu dendarekin egin dituzte, eta osagarriak eta jostun lanak, berriz, Kotoi mertzerian. Zero kilometroren ideia borobiltzeko, zuzendarien makilak elkarteko kide batek egin ditu. "Bi zuzendari izango ditugu, biak helduak. Zuzendari izateko ardura ez da arinkeriaz hartu daitekeen zerbait, eta zuzendari bakarra izanez gero, edozer gauza gertatuta ere, ez da egun batetik bestera ikas daitekeen lana. Talde osoaren adostasunez, bi zuzendari izatea erabaki genuen. Modu horretan, gainera, elkar lagundu daitezke", adierazi dute.

Egindako lan guztia gutxi ez balitz, bandera sortu behar zutenean ohartu ziren elkarteak ez zuela logotiporik. "Ezustekoari" buelta eman ziotenean, lanean hasi ziren; zigilu zahar batzuk aurkitu zituzten, eta horietan oinarrituta sortu dute logo berria: "Iturri izena agertzen zen, baina antzinako moduan idatzita; r batekin. Hortik abiatuta, eta sormen pixka batekin, hala nola atera dugu irudia". Irudia sortuta, banderan txertatu dute, eta Azpeitiko kaleetan ikusgai izango da San Sebastian bezperan.

Urtarrilaren 19a iristeko gogoz daudela diote Iturriko hiru kideek. Ez dakite zer espero dezaketen egunaz, baina “ilusioz eta gogotsu” daude, aurrez egindako lan guztiaren emaitza erakutsi eta esperientziaz gozatzeko.

Elkartean bertan afalduko du taldeak, baina, lehenbiziko urtea izanik, catering zerbitzua kontratatu dute. Garaiz ibili beharko dute egun horretan, jakitun baitira 22:00etarako prest egon nahi badute, goiz atera beharko direla elkartetik. "Baina gure asmoa zein den argi dugu: lagunartean afaltzea eta ondo pasatzea!".

Vivero, urteurrenean

Aurtengo danborradako bigarren talde berria Sanjuandegiko Vivero elkartea da. Ez dute edozein data aukeratu estreinaldirako; izan ere, elkartearen 50. urteurrena ospatuko du Viverok 2026an. Kasualitatea handia da, data nahita ez dutela aukeratu baitiote; "horrela egokitu da, besterik ez".

Duela urtebete ekin zioten danborradako talde izateko bideari; donostiar baten eskutik, gainera. Viveroko bazkide egin zen duela urtebete inguru, eta iazko San Sebastian festak amaitu ostean, danborradako taldea sortzeko ideia plazaratu zuen: "Bazkari baten ondoren hitz egin zuen, ordea, eta horrelakoetan oso ideia sendoa ez ote denaren susmoa izaten denez, astebetera galdetu nion nahi horrekin jarraitzen al zuen. Baietz erantzun zidanean, martxan jartzea erabaki nuen", azaldu du Angel Etxabe bazkideak.

Elkarteko kideei helarazi zieten proposamena, eta "harrera oso ona" izan zuela ikusirik –35 bazkidetatik 20 kide batu ziren, eta familiakoekin, erraz osatu dute 40ko konpainia–, udalera jo zuten. Han hilabeteko epea eman zieten txostena aurkezteko, eta buru-belarri murgildu ziren egin beharreko zereginetan.

Elkartean bost laguneko taldea osatu zuten danborradaz arduratzeko, eta txostena egiteaz gain, jantzia ere pentsatu zuen taldeak. Hiru proposamen egin zizkion taldeak elkarteari: "Argi genuen soldadu jantzia nahi genuela, eta Azpeitiko Izarraizpe eskola publikoko napoleoi urdinaren jantzia gustatzen zitzaigun. Oinarri gisa hori hartu badugu ere, aldaketak egin dizkiogu jakari. Jantzi horixe izan zen bozkatuena", jakinarazi du Etxabek. Prozesua, beraz, "azkar eta ondo" egin dutela uste du hark. Lana, "asko, gainera" egin ondoren, ordea, Etxabe ez da danborradan aterako: "Emazteagatik egin dut batik bat, beti irteteko gogoz zegoen eta. Semea ere irtengo da, eta nik hesiaren atzetik ikusiko ditut aurten".

Oikiarra (Zumaia, Gipuzkoa) da Etxabe, eta Elgoibarkoa (Gipuzkoa), berriz, Amaia de Castro, danborradako zuzendaria. "Ez dakit nola okurritu zitzaidan senarrari esatea polita izan zitekeela zuzendari irtetea. Asmorik gabe esan nuen, baina inor ez zenez zuzendari izateko aurkeztu, han joango naiz taldea zuzentzen; azpeitiarra ez den eta danborradan inoiz irten gabeko pertsona bat".

"Han joango naiz taldea zuzentzen; azpeitiarra ez den eta danborradan inoiz irten gabeko pertsona bat"

"Oso urduri»" dagoela onartu du De Castrok, baina bere lana ahalik eta ondoen egiteko grinaz lanean dihardu "jo eta su, gelditu gabe", azarotik. "Zortea" izan duela dio, asko lagundu diotelako bazkideek eta Unai Frantsesena Udal Musika Bandako zuzendariak. "Hala ere, bideo pila bat ikusi ditut, apunteak hartu ditut, musika entzun eta entzun nabil… Talde barruko entseguak egin ditugu, baina desberdina da jende aurrean aritzea". Taldea "oso-oso ondo" daramala baieztatu du Etxabek.

Viverokoak ere danborradako eguna iristeko gogoz daude. Antolatu dute eguna, eta taldeko argazkia aterako dute lehenbizi. "Oso garaiz" afalduko dute, eta 21:00etan Jose Antonio Agirre plazara abiatuko dira, Sanjuandegiko gainontzeko taldeekin batera danborrada txiki bat eskaintzeko han. 22:00etan, prest izango dira San Martin egoitzaren aurrean.

"Lasai eta ondo joan dadila, eta ea gozatzea lortzen dugun. Baina, batik bat, taldea bera egitea tokatzen zaigula esango nuke. Azkenean, Azpeitiko danborradako gainontzeko taldeekin irten diren kide ugari ditugu, baita bazkide ez direnak ere, eta elkar ez gara ezagutzen. Une ona da elkar goxatzen hasteko", adierazi du De Castrok. "Dena ondo joango denaren zalantzarik ez dut. Ez dugu aparteko ezer eskatzen, danborra ondo jo eta ondo pasatzea, festak eta danborrada horretarako dira eta!", amaitu du Etxabek.

Denentzat tokia

Aurtengo danborradan bi talde berri izango diren berria zabaldu denean, bat-batean galdera hau egin dute hainbat herritarrek: "Sartzen al dira ba denak plazan?". Udalak, ordea, egin ditu beharrezko neurketak, eta danborradako talde guztiak, bi talde berriak barne, plazan izango dira gauerdian. Hala baieztatu du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak: "Azkenean, aldaketa txiki bat izango da, eta plazan, azken ilaran izaten diren taldeak Azoka Plazara gehiago hurbildu beharko dira, besterik ez".

Ibilbideko beste geldialdian, parrokiaren aurrean, aldiz, errazagoa izan da taldeei lekua egitea; garbitokiaren ertzean jarriko da talde bat, errepidea hirutan banatzen den lekuan, eta beste taldea, berriz, parrokiako sakristiaren aurrean. Hala ere, hartutako erabakiak ez dira finkoak: "Probatu egingo dugu, eta hurrengo urtera begira, balorazioa egin ondoren hartuko da azken erabakia".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide