Herriko hiru gazte kuadrillak sortu zuten Irrintzi elkartea duela 50 urte. Lehenbiziko pausoa elkartearen egoitzaren kokalekua zehaztea izan zen, eta ez zen lan erraza izan. Hala gogoratu du German Requejo elkartearen sortzaileetako batek: "Batetik bestera ibili ginen, lokalak ikusten. Paulo VI auzoan ikusi genuen lokal bat, baina bigarren aldiz joan ginenean, haren prezioa igo egin zuen jabeak, eta ezezkoa eman genuen". Handik gutxira aurkitu zuten gaur egun Enparan kalean duten lokala, garai hartan Sindikatu Bertikala edo Zaharra zena, eta aurrez, 1932. urtearen inguruan, Errepublikaren egoitza izandakoa.
Aukera egokia ikusita, aurrera egitea erabaki zuten hiru kuadrillek, eta lokala egokitzeko lanekin hasi ziren. Garaiko ohiturei jarraituz, beraiek egin zituzten obrak: "Eraikinaren behealdean zuloa zegoela eta beste solairu bat ateratzeko aukera bazela esan ziguten, eta hala hasi ginen harria puskatu eta harria puskatu. Dena den, han ez zen zulorik agertzen... Lokalaren erdia zulatuta, eraikinak aguantatuko ote zuen beldur ginen, eta zementua bota genuen. Egindako lana, ordea, aprobetxatu ahal izan genuen; biltegia, komunak eta parrilla egin genituen beheko zatian".
Soziedade gisa ez ezik, kultur eta kirol elkarte izaerarekin eratu zuten Irrintzi, eta, beraz, arlo horiei lotutako hainbat egitasmo egin izan zituzten urteetan; besteak beste, krosa. "Jai Karnabalean egiten zen maratoi erdia, eta haren antolakuntzan laguntzen genuen. Gero, berriz, umeen krosa egiten hasi ziren, eta horretan ere aritzen ginen. Denetarik egiten genuen: antolakuntza lanak, aurkezle lanak eta sari banaketa ekitaldia", esan du Requejok. Elkartea abian zela, ez zuten galdu danborradan parte hartzeko aukera. Lehen urte hartan, ordea, arropa propiorik ez zuten, eta Pikua tabernako Peña Taurina El Andaluz –egungo Zezenzaleak– taldekoekin atera ziren Irrintzikoak. Gerora, taldea sortzearekin, sukaldari jantzia hautatu zuten elkartekoek, "egiteko errazena" zelako: praka, jaka eta txapel zuriak. Beste talde batzuei erositako danborrak bazituzten, gainera, eta "ahalik eta azkarren" irten ahal izan zuten, Requejok azaldu duenez.
Gaur egun ere sukaldari jantziak ditu Irrintzi taldeak, baina badira jantziei aldaketak egin zizkietela urte batzuk: koadrodun prakak janzten dituzte orain. Hala azaldu du aldaketaren arrazoia soziedadekoak: "Sukaldari modernoagoak izateko garaia heldu zitzaigula erabaki genuen, eta jantziak aldatu genituen".

Taldean danborradan 50 urte beteko dituenean, urteak "konturatzerako" igarotzen direla esan du Requejok. Haren hitzetan, "hegan" igaro da mende erdia, nahiz eta Irrintzi elkartea ez ezik, danborraren bueltako festa ere asko aldatu dela dioen: "Duela 50 urte hamar talde inguru ateratzen ziren danborradan, eta aurten, 33 izango dira. Ikaragarri hasi da festa! Emakumeen presentzia ere erabat ziurtatu dago orain, bai festan, bai elkartean; lehen emakumeek ezin izaten zuten elkarteko kide ere izan".
Ospakizunekin hasita
Urtarrilaren 19ko gauerdia iritsi baino zertxobait lehenago, Irrintzik Azpeitiko herriaren omenaldia jasoko du udalaren eskutik. 50. urteurrena goratzeko oroigarria egun horretan jasoko dute elkarteko ordezkariek, baina ospakizunetan hasiak dira dagoeneko. Ekainaren 14an elkarteko kideek Navarretera (Espainia) irteera egin zuten; 26 bat lagun joan ziren Errioxara, eta pare bat upategi bisitatzeaz gain, hamaiketakoaz eta bazkariaz gozatu ahal izan zuten. San Sebastian festak iritsita, ez dute ezer berezirik egitea aurreikusten, dena den. Jon Iriarte Irrintzi elkarteko lehendakariak azaldu duenez, ez dute afari berezirik egingo, baina danborradan Irrintziren taldean urte luzez ohikoak izan ziren koilareak, sardexkak eta zartaginak aterako dituzte. "Oraingoz, Requejo eta biok aterako gara tresna horiekin... Ea norbait gehiago animatzen den!".
Tresneria ondo gordeta izan dute azken urteetan, baina berreskuratzeko garaia iristean, zartagina pipiak jota zegoela ohartu ziren; ondorioz, ezinezkoa izango zaie tresna hori ateratzea. Bestetik, taldeko lehen zuzendari izan zen Joxe Karapeto berriro irtetea nahi dute taldekideek, nahiz eta "zaila" izango dela badakien Iriartek: "Ezezkoan dago, baina konbentzitzeko azken saiakera egingo dugu".
Eta aurtengo danborradan bandera behintzat izango dute. Izan ere, taldea danborradan atera den 49 urteetan bi aldiz "galdu" zaie bandera. Lehenbiziko bandera hura eskuz brodatutakoa zen, "oso ederra" Requejoren hitzetan, baina bat-batean galdu egin zitzaien. "Festak iristeko gutxi falta zen eta presaka eta korrika joan behar izan genuen Donostiara berria egitera", azaldu du Requejok. Handik urte batzuetara, hura ere galdu egin zuten: "Elkartearen atarian jartzen genuen orduan, goiko solairuko balkoian, eta asko maite gintuen norbaitek harrapatuko zuen...". Hirugarren bandera egin zutenetik kontu gehiagorekin gordetzen dute, eta ondo jasota dute, urtarrilaren 19rako prest.