Sansebastianak 2026

Badira festetan lana egin behar dutenak

Anitz Urkizu eta Kris Fernandez 2026ko urtarrilaren 15a

Arantxa eta Maite Sagarna ahizpak, Sagarna tindategian. (Anitz Urkizu)

Sansebastianetan festa polita eta ospakizun ederra izaten da Azpeitian; danbor hotsak, jantzi koloretsuak eta musika doinuak lagun, kaleak giro bereziz betetzen dira. Baina herritar askok gozatzen duten bitartean, bada isilpean lan egiten duen jendea ere. Ikusgai ez diren lan horiek gabe ez litzateke posible izango azpeitiarrok festa egun kutunak ospatu ahal izatea. Sansebastianetako gehigarriko edukia da honako hau.

Azpeitiko udal brigadak funtsezko zeregina du danborradaren antolaketan, nahiz eta brigadako kideen hitzetan, urteko festen artean lan gutxien ematen diena izan. Iñaki Alberdi brigadako langileak azaldu duenez, prestaketa lanak San Sebastian bezperan egiten dituzte, helduen danborradaren egunean bertan. Eguerdirako plazako hesi guztiak jarrita izaten dituzte, eta hortik aurrera, danborradako ibilbidean laguntzea izaten da beraien eginkizun nagusia.

Guztira, hogei lagun inguruk osatzen dute brigada, baina danborradako lanak egitea ez zaie guztiei egokitzen; gutxi batzuei baino ez, bizpahiru laguni. Alberdik esan bezala, lan gutxien ematen dien festa izaten da danborrada, eta gainera, aurten sokamuturrik ez denez izango, are lan gutxiago izango dute brigadakoek.

Eguraldiak ere baldintza dezake brigadaren lana. Eguraldi txarra egiten duenean, ibilbidea moldatu egin behar izaten da. Alberdik gogoratu du, duela bi urte, euria zela eta, Alde Zaharreko zatia moztu eta ibilbidea laburtu behar izan zutela. Hala ere, oro har, ez da "arazo handirik" izaten: bakoitzak ondo daki zein den bere lekua, eta herritarrek ere errespetatzen dituzte jarritako hesiak eta seinaleak.

Lanean aritu arren, brigadakoek izaten dute danborradaz gozatzeko tarterik. Alberdik aitortu du hotza egin ohi duela, baina etengabe mugitzeak horri aurre egiten laguntzen duela. Momenturik politena, haren esanetan, taldeak plazara iristen direna izaten da, danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko aukera izaten dutelako. Luntxa ere izaten dute, eta, lana eta lanaz kanpokoak kontuan hartuta, "festa polita" izaten dela azpimarratu du.

Jantziak prest

Sagarna tindategiko Arantxa eta Maite Sagarnarentzat, San Sebastian eguna "urteko egun berezienetako bat" da. Azpeitian danborradak duen garrantzia handia dela nabarmendu dute, eta "pozik" aritzen dira ospakizun horren atzean dagoen lanean. Gaur egun, helduen danborradan ateratzen diren 22 talderen jantziak kudeatzen dituzte, eta talde batzuen jantziak urte osoan zehar tindategian gordetzen dituzte, danborradarako prest izateko.

Lan berezia egiten dute kantinera eta banderadunekin. Haiekin harreman zuzena izaten dute, tindategira bertara joaten dira jantziak probatzera; neurriak hartzen dizkiete eta beharrezko konponketak egin. Danborrada amaitutakoan, berriz, jantzi guztiak garbitu, prestatu eta hurrengo urtera arte gordetzen dituzte. Urtero pertsona berriak etortzen direla azaldu dute, baina "ilusioa beti berdina" izaten dela. 

Sagarna ahizpek azpimarratu dute lanari azaro amaieran ekiten diotela. Jantziak orduan ateratzen dituzte, egoera onean dauden begiratzen dute, eta talde bakoitzerako behar diren piezak prestatzen hasten dira. Kantineren kasuan, urtero hiru edo lau jantzi prestatzen dituzte talde bakoitzeko, eta banaka ere "jende ugari" joaten zaie laguntza eske. San Sebastian bezperako arratsaldean ere lanean aritzen dira, azken jantzia jaso arte. Behin talde batek bandera jasotzea ahaztu zuela gogoratu dute, eta ezin izan zutela denda itxi hura eman gabe.

Lan guztia eskuz egiten dute: jantziak garbitu, plantxatu, prestatu eta txapelak almidonatu. Azken hori dela "lanik gogorrenetakoa" aitortu dute, "pazientzia eta denbora asko" eskatzen baitu; aurten 120 txapel inguru prestatu behar izan dituzte. Euriarekin jantzien tintak nahasi egiten direla ere kontuan hartu behar izaten dute, eta horrek are gehiago zailtzen du garbiketa lana.

Hogei urte baino gehiago daramatzate danborradako jantziekin lanean; Irrintzi taldearekin hasi ziren, eta urtez urte talde gehiago gehitu dira zerrendara. Gaur egun, lehen baino askoz lehenago hasi behar izaten dute lanean, baina beti iristen dira guztia garaiz prestatzera. "Lan gogorra" dela diote, baina, aldi berean, "polita": gazteekin "giro ona" sortzen da, eta danborradan ateratzen direnak "dotore ikusteak sekulako poza" ematen die. Gainera, beraiek ere Landeta taldearekin danborradan parte hartzen dute, eta sansebastianetakoa "urteko festarik onenetarikoa" da ahizpentzat.

Ile apaindegiak, jo eta su

Herri osoa festarako prestaketetan murgilduta dagoen bitartean, badira agenda hitzorduz beteta izaten duten beste herritar batzuk; ile apaindegietako arduradunak, adibidez. Horietako bat da Loiola ile apaindegiko Oihana Elorza. San Sebastian bezperan danborradako bost taldetako kantinerak eta banderadunak orraztuko ditu: Mendizaleak, Irrintzi, Itsasi, Izarraizpe eta Perdillegi.

Bost talde, hamabost pertsona eta orrazkera. Hori arratsalde bakar baten egitea "ezinezkoa" dela onartu du Elorzak. "Goizean goiz hasiko naiz lanean, talde batzuk goizean zehar orraztuz, eta gainera, laguntzaile bat hartuko dut egun horretarako".

Ordu pila bat ditu aurretik, beraz, eta eskerrak lanak aurreratuta iritsiko den egunera. "Izan ere, talde guztiekin aurreko egunetan bilduko naiz probak egin eta orrazkerak zehazteko", esan du. Horrez gain, San Sebastian egunean ere lana egin beharko du Elorzak, bandera jaitsieraren danborradan aterako baita aurten Irrintzi elkartea.

Lana bera "gustura" egiten duela adierazi du Elorzak; gainera, gazte asko ideia zehatzarekin joaten dira ile apaindegira, eta horrek "erraztu" egiten du prozesua. "Hala ere, badira muga batzuk; adibidez, txapela daramatenek ezin dute nahi duten guztia egin, edota Itsasi elkarteak orrazkera bera eramaten du urtero. Zentzu horretan, elkarte batzuk ari dira orrazkerak zehazten, urtero berdinak izan daitezen". 

Etxean "oso danborzaleak" diren arren, Elorzak sansebastianez gozatzeko "denbora gutxi" izaten duela dio. "Hala ere, danborradak ikustera irtetean naiz kalera. Tira, begirada orrazketetara joaten zaidala onartu behar dut, baina hori danborradan nahiz festetatik kanpo ere gertatzen zait. Lanbidearen ajeak!", adierazi du.

Tabernak, beti

Tapia eta Leturia bikotearen abesti ezagunak dioen bezala, batzuek jai egiteko, besteek lana egin behar dute, eta, ondorioz, tabernek ezin dute huts egin festetan. Ondo daki hori Etxe Zuri tabernako Iñaki Areizagak: "Herritarrak beti festak iristeko irrikatan egoten dira; tabernariok, aldiz, horiek amaitzeko desiratzen", dio barrez. 

San Sebastian jaiak iristear diren honetan, ordea, hasia da dagoeneko prestaketa lanetan: "Sansebastianak, hala ere, ez dira lan gehiegi ematen duten festak. Biltegia edariz bete behar izaten da, baina beste jai batzuekin alderatuz, ez dugu gehiegi eskatzen. Ez dira saninazioak edota inauteriak bezalako festa luzeak; izan ere, horietan eskaerak bereziki handiak izaten dira". Hala, lanik "zailena edo", zerbitzarien txandak kudeatzea izaten dela dio Areizagak. "Ikasleak izaten dira zerbitzari asko, eta azterketa garaia izaten dutenez, batzuetan langile berriak aurkitzea egokitzen da. Gero, iluntzean lan egin dutenek, hurrengo goizean txandarik ez izatea ziurtatu behar duzu, eta horretarako, plantilla zabala behar da".

Sansebastianak "festa herrikoienak" direla dio Areizagak, inguruko herrietatik jende gutxi etortzen delako, "asteburua ez bada behintzat", eta horrek badu eragina tabernarien lanean. Izan ere, bertakoak ibiltzen diren egunak izan ohi dira, eta tabernetan "nahiko lasai" egoten dira herritarrak. Hala ere, San Sebastian bezperako danborradan "ordu erdiko estres puntua" izaten dutela gogoratu du: "Parrokiako geldialdian tabernaren aurrean izaten dira talde batzuk, eta gero, Damaso Azkue auzotik igarotzen diren une horretan ere, lan ikaragarria izaten dugu. Gau osoan zehar bost zerbitzari lanean normal izaten badira, ordu erdi horretan zortzi behar izaten dira, eta denak gelditu gabe, gainera. Zoratzekoa!".

Urtez urte danborrada hazten joan da; talde eta danbor jotzaile kopurua handituz doa poliki-poliki. Aurten bi talde berri batu direnez, 1.700 herritar inguru izango dira danborrak eta barrikak astintzen. Areizagak gogoan du bera txikia zela herritarrek hiru edo lau ilara egiten zituztela kalean danborrada ikusteko. "Gaur egun, ordea, danbor jotzaileak ia ikusleak baino gehiago dira, eta hori nabaritzen dugu tabernetan, danborradaren unean pertsona gutxiago izaten baititugu taberna barruetan. Behin amaitutakoan, ordea, giro ederra izaten da, bertakoak izaten direlako festan dabiltzanak batik bat".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide