"Zoratuta zaude!". Senarrak hala esaten diola aitortu du Irene Zabartek, baina gustura aritzen da urtez urte San Sebastian jaietako girotze lanetan. Izan ere, lau seme-alaba ditu, eta urtero, Azpeitiko danborrada osatzen duten taldeen jantziak sortzen dizkie horiei. San Sebastian bezperako iluntzean nahiz San Sebastian egunean ezin dotoreago ateratzen dira umeak kalera, festaz gozatzera.
Txikitatik datorkion zaletasuna dela esan du Zabartek, etxekoek, gurasoek batik bat, hezurretaraino sartu baitzioten San Sebastian jaiekiko zaletasuna: "Nik modu berezian bizi izan ditut beti sansebastianak, etxean ere horrela bizitzen zirelako. Amari, azpeitiarra ez bada ere, ikaragarri gustatzen zaizkio sansebastianak".
Eta hori da, hain zuzen ere, guztiaren gakoa: ama. Alabaren eta biloben ametsak egia bihurtzen dituelako jostorratz eta hari artean. Seme zaharrena jaio zenean, duela zazpi urte, eta sansebastianak gerturatzen ari zirela, buruan bueltaka zuen ideia bota zion Zabartek amari: "Senarrak Harkaitza elkartetik atera behar du, eta zergatik ez diogu semeari ere jantzia egiten?". Ideia adierazi orduko jaso zuen amaren erantzuna: "Bai, neuk egingo diot". Horrela hasi ziren urtez urte segida izan duen eginkizunarekin. Lehen semeari jantzi hura egin ostean, bigarrena jaio zen: "'Honi ere zerbait egin beharko diogu ba!' esan genuen". Horrela, tradizioari eta ilusioari eutsiz segitu dute orduz geroztik. "Are gehiago, urte batzuetan, nahiz eta iazko jantzia oraindik ondo eduki, berria egin izan diegu", adierazi du Zabartek.
Baina nola aukeratzen dute zer jantzi egin? "Erraz" erabakitzen dutela azaldu du: "Gu partaide garen elkarteetakoak egin izan ditugu, baita umeei politak iruditzen zaizkien taldeetakoak ere". Seme-alabek ere badute, beraz, erabakimena: "Iritzia emateko ahalmena dutenetik beraiei uzten diet jantzia erabakitzen". Transmisioa ez da eten. Izan ere, Zabarteren arabera, haurrek amaren eta amonaren ilusio berbera izaten dute, oraingoz behintzat.
Gabonak iristearekin batera hasten dira danborradako jantzien sormen prozesuarekin, eta jarraitu beharreko pausoak zehaztuta dituzte dagoeneko: jantzi originala lortzen dute aurrena, eta "kopiatu" egiten dute, detailez detaile. Amak ez dio kontrakorik egiten uzten. Hala esan du Zabartek: "Botoiek ere berdin-berdinak izan behar izaten dute; ez dit uzten desberdinak edo antzekoak jartzen. Donostiako edota Tolosako denda berezi guztietara joan izan naiz azpildurak, botoiak eta telak erostera, eta erositakoa itzularazi izan dit berdin-berdina ez izateagatik... Dena oso zehatz egiten dugu".
Prestatu beharreko jantziaren arabera, prozesua errazagoa edo zailagoa izan daitekeela ohartarazi du Zabartek. Ondo daki hori, duela bi urte Loiolatxo elkartekoen soldadu jantzia eskatu baitzion semeak: "Eskerrak galdara lantegia daukagun, eta aitonak burdinazko ezkutua egingo ziola esan zion. Urtebete lehenago hasi ginen jantzi harekin... A zer lanak! Kaskoa, adibidez, ez genion burdinazkoa egin, ezin genuen 6 urteko mutila pisu horrekin atera kalera! Inauterietarako txapel bat erosi nuen, forma eman eta zilar kolorez margotu genuen".
Jantziez gain, badira baina danborradako ezinbesteko osagai diren tresnak. Horiek ezin izaten dute falta jaiegunetan: danborra, adibidez. "Oriyori eskatzen dizkiogu danborrak, eta helduen berberak egiten dizkigu, tamaina txikiagoan, noski", adierazi du Zabartek.
Bi semeez gain, bi alaba ere baditu, eta horiek kantineren edo banderadunen jantziak eskatu izan dituztela azaldu du; ondorioz, banderak ere egin egin behar. Eskuz egiten ditu Zabartek berak: "Elkartearen logoa edo irudia bilatu, inprimatzera eraman, plantxatzeko moduan inprimatu eta plantxa bidez pegatzen ditu zapi handietan. Goizeko ordu biak jo izan dizkit lan horiek egiten!".
Hutsik egin gabe
Zabarteren lau seme-alabek gogotik bizi dituzte sansebastianak, eta horren seinale garbia da beren etxea: "Gure etxean urtarrilaren 6an kentzen dugu Gabonetako zuhaitza, eta horrekin batera, egunero-egunero, sansebastianetako musika jartzen dugu bozgorailuetatik. Umeak horren zain egoten dira, eskatu egiten dute". Beraienak ume oso parte hartzaileak direla esan du Zabartek, eta orokorrean, "lotsa gutxi" dutela azpimarratu du. Urtarrilaren 19an eta 20an, egun horietarako propio prestatutako jantziekin irteten dute kalera: «Bezperan goizeko 05:00etan erretiratu bagara ere, 09:40ean kalean egoten gara, parrokia barruko danborrada ikusteko. Ez dugu inoiz galtzen. Semeetako batek, batik bat, oso gustukoa du une hori, eta danbor jotzaileen ondoan jartzen da bera ere danborra jotzeko». Hutsik egin ezin, beraz, eta bezperako danborradak utzitako ajeari aurre egin behar: "Goizean jaiki, eguzkitako betaurrekoak jantzi, eta kalera!".
"Bezperan goizeko 05:00etan erretiratu bagara ere, 09:40ean kalean egoten gara"
Parrokiako danborrada entzun ondoren, plazara abiatzen da familia, han ere danbor hotsak entzuteko, eta ondoren, Plaza Txikira joaten dira. Eguna borobiltzeko bazkaria egiten dute, eta banderaren jaitsiera ere ikusten dute, 24 orduko festari errematea emateko.
Sansebastianetan hutsik ez dutela egiten esatea ez da gehiegikeria, gainera. Izan ere, COVID-19aren pandemian festarik egin ez bazen ere, Zabarte eta familiakoak kalean ibili ziren jantzi berriak soinean zituztela. "Ez zen danborradarik izan, baina jantziak eta gogoa izanda, kalera irtetea erabaki genuen. Azpeitia Gukako kazetari bat kalean ari zen argazkiak ateratzen, eta hala esan zidan: 'Norbait behar nuen egun triste hau alaitzeko'. Udaletxeko arkupeetan atera genuen argazkia", azaldu du.
Lagunarekin
Hasierako urteetan Zabarteren familiakoak soilik ateratzen ziren jantziekin-eta kalera, baina horretan hasi eta urte gutxira Maite Azkue laguna eta haren haurrak ere batu ziren festara. Pozik kontatu du hori Zabartek: "Elkarrekin horrenbeste denbora igarota... Maitek, gainera, nik adina bizi ditu sansebastianak. Jantziak lortuko nizkiola edota gure seme-alabei txikiegi gelditutakoak utziko nizkiola esan nion, eta halaxe hasi zen umeak janzten. Denon artean joaten gara osagarriak lortzen eta jantziak osatzen, eta Maitek ere egiten ditu eskulanak".
Urte gutxira Maite Azkue laguna eta haren haurrak ere ohiturara batu ziren
Zazpi urtetan, bi lagunen artean, hamar jantzi osatzea lortu dute, hala nola Harkaitza, Arauntza, Loiolatxo, Izarraitz Txoko edota Ardozaleak taldeetakoak. Jantziak janzteko ilusioa bai, baina kentzeko lanak ere izaten dituztela aitortu du Zabartek, umeek ez baitute nahi izaten horiek kentzerik. "Egun osoan izaten dituzte jantzita, eta ez diete molestatzen nonbait; ez dute nahi izaten kentzerik. Pentsa, lo ere jantzi horiekin egin nahi izaten dute batzuetan. Ikargarria da. Festa 24 ordukoa izaten bada ere, guk asko luzatzen dugu, entsegu guztietara ere joaten gara eta", adierazi du.
Aurtengo jantzien prestaketak martxan ditu dagoeneko, nahiz eta seme zaharrena jantzi edo ez zalantzati dagoen. Amak, ordea, azkenean jantziko dela uste du: "Azken urtea izan behar baldin badu ere, jantziko dela uste dut. Ziurrenik pilotariz, asko gustatzen baitzaio pilota". Alabek, aldiz, kantinera eta banderadun jantziak eskatu dituzte aurten ere. Eta orain arte egindako jantziak ere kalean ikusteko aukera izango dute herritarrek; izan ere, hainbat laguni utzi dizkie horiek, aprobetxatu ahal izateko.
Festa iristeko egun gutxiren faltan, prestaketa lanetan buru-belarri da familia. "Benetako lanak amak hartzen ditu, meritu guztia berea da. Ordu asko igarotzen ditu prestatzen, detaile ugari izaten ditu kontuan, eta ondorioz, guk egiten duguna amaren lanaren osagarria da. Izan ere, berak ez balu hartzen duen lan guztia hartuko, ez genukeen gauzatu jantzien bueltan egiten dugun erokeria", gaineratu du.
Sansebastianak dira Zabarteren familiaren festa gustukoenak, eta gauzak aldatzen ez badira behintzat, jaiez orain arteko gisan gozatzen jarraituko dute. "Zaila ikusten dut ohitura galtzea; izan ere, ama salbu, etxeko guztiok irteten gara danborradan. Seme-alabak haztean desberdina izango da guztia, baina beste modu batera bada ere, ziur nago sansebastianez gogotik gozatuko dutela".