Gabonetako oporraldiko etenaren ondoren, atzo itzuli ziren pentsio eta zerbitzu duinen aldeko aldarriak Azpeitiko plazara. Astelehenero ohi dutenez, eguerdian elkartu ziren hainbat jubilatu eta pentsiodun Azoka Plazako atarian, gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko eta horren aldeko HEL-ari bidea emateko eskatzen zuen pankartaren atzean.
2018an egin zituzten lehen mobilizazio handiak pentsiodunek, murrizketen kontra eta pentsio duinak aldarrikatuz. Murrizketa batzuk bertan behera uztea lortu zuten, baina aldarrikapen berriak plazaratzen jarraitu dute, eta orain, mobilizazioen zortzigarren urteurrena ospatzeko deia egin dute. Etzi Bilbon egingo duten agerraldian emango ditu xehetasunak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM), baina aurreratu dute datorren astelehenean, hilak 19, herriz herriko elkarretaratzeak baliatuko dituztela ospakizunetarako. "Zortzigarren urteurrena ospatzear gara eta ezin diogu utzi elkarretaratzeei", diote.