Ikasberri kirol elkarteak asteburuan Lazkaon (Gipuzkoa) jazotako "gertakari arrazista onartezin bat" salatu du, eta erasoa jasandako jokalariari babesa adierazteaz gainera, dagokien arduradunei eta erakundeei eskatu die gertatutakoa behar bezala ikertzeko eta beharrezko neurriak hartzeko.
Igande arratsaldean jazo ziren gertakariak Harizti Handi futbol zelaian, Ikasberriren lehen mailako jubenilen B taldearen eta Lazkaoren arteko partidan. Azpeitiko kirol elkartearen arduradunek Gukari esan diotenaren arabera, partidaren lehen zatian, harmailetan zen ikusle talde bat irain arrazistak egiten hasi zitzaion Ikasberriko jokalari bati. "Atsedenaldian Lazkaoko jokalarien gurasoak eurak joan ziren epaileari gertatzen ari zenaren berri ematera, eta itxura denez, epaileak arreta gehiago jarri zuen bigarren zatian eta 75. minutuan partida geldiarazteko eta guzti agindu zuen".
Ikasberriren arduradunen hitzetan, Lazkaoko klubeko arduradunak eta gurasoak eurekin harremanetan jarri dira barkamena eskatzeko, eta konpromisoa hartu dute beharrezko neurriak hartzeko, gertatutakoa errepika ez dadin. "Itxura denez, lehendik datorren kontua da, ez dute garaiz geldiarazten jakin, eta egoerak eskuetatik alde egin die".
Azpeitiko kirol klubaren ustetan, gisa horretako gertakariak futbolak eta, oro har, gizarteak izan behar lituzkeen balioen kontrakoak dira. "Arrazakeriak ez du lekurik ez kirolean, ez estadioetan, ezta gure gizartean ere. Errespetua, berdintasuna eta aniztasuna dira defendatzen ditugun oinarriak". Horiek horrela, arrazakeriaren, diskriminazioaren eta gorroto diskurtso ororen aurkako borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi du klubak. "Lanean jarraituko dugu futbola espazio seguru, inklusibo eta errespetuzkoa izan dadin guztiontzat. Isiltasuna ez da aukera, eta arrazakeriaren aurrean, irmoki jokatuko dugu beti".
Ikasberrik ohar bidez gertakariak salatu eta gero, Lazkao kirol elkarteak ere oharra kaleratu du barkamena eskatzeko eta gertatutakoa gaitzesteko, eta irain arrazistak ez ezik, jokalari bati bere itxura fisikoagatik egindako irainak ere deitoratu ditu Goierriko klubak. Nabarmendu du klubak defendatzen dituen balioen aurkako jokabideak direla horiek, eta jakinarazi du horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen "irmotasunez" jokatuko duela. Besteak beste, "kirol agintariekin elkarlanean", elkartearen barruan sentsibilizazio eta kontrol neurriak indartuko dituela jakinarazi du, eta zaleei, familiei eta bazkideei gogorarazi die "ardura guztiona" dela. "Zero tolerantzia arrazakeriaren eta edozein irain edo diskriminazio motaren aurrean. Isiltasunak edo konplizitateak ere kalte egiten du."