Sansebastianak 2026

Umeen danborradakoen lehen burrunbak ozen entzun dira Izarraitzen

Mailo Oiarzabal

Bazkalondoan egin dute San Sebastian eguerdiko danborradarako lehen entsegua, eta gauean helduek hartuko dute haurren lekukoa pilotalekuan, 21:00etan.

Urteko lehen danbor hotsak ozen entzun dira gaur bazkalondoan Izarraitzen. Herriko pilotaleku luzean egingo dituzte, gaurtik ostegunera, aurtengo sansebastianetako danborradetarako entseguak, eta aurten ere haurrak izan dira estreinakoa osatu dutenak.

15:30ean hasita, ordubeteko eskaseko jardunarekin osatu dute lehen saioa Izarraizpeko, Ikasberriko, Iraurgiko, Itsasiko eta Juan Antxieta musika eskolako taldeetan banatuta San Sebastian eguerdian kalez kale ibiliko diren umeek, Unai Frantsesena bandako zuzendariaren aginduetara. Bihar eta etzi, ordu eta toki berean elkartuko dira ikasleak.

Gauean, berriz, helduen danborradakoek hartuko dute haurren lekukoa Izarraitzen. Gaur, bihar eta etzi, 21:00etan hasita entseatuko dute helduek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide