Izarraitz pilotalekuak goi mailako pilota partidak hartuko ditu etzi, ostiralez. Hain zuzen ere, eskuz binakako txapelketako hamargarren jardunaldia izango da 20:45ean hasita, eta jaialdiaren aurkezpena egin zuten atzo Ilunpe pilota elkarteko nahiz Azpeitiko Udaleko ordezkariek.
Sansebastianen atariko jaialdiko partida nagusia Aspeko pilotariek jokatuko dute: Jokin Altuna Altuna III.a eta Joseba Ezkurdia Javier Zabaletaren eta Julen Martijaren kontra ariko dira nor baino nor. Lehia bizia jokatuko dute bi bikoteek, txapelketan aurrera egiteko xedez.
Halaber, txapelketako partida horren aurretik Julen Egiguren Egiguren V.ak eta Ekain Lizeagak Unai Alberdi Alberdi II.aren eta Aimar Morgaetxeberriaren kontra neurtuko dituzte indarrak.
Oraindik ere eros daitezke jaialdirako sarrerak, Interneten. Kantxako sarrerak 30 eurotan eskura daitezke, eta goiko solairukoak hogei eurotan. Izarraitz frontoiko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira partida egunean bertan, aurrez denak saltzen ez badituzte behinipein.