Sansebastianak 2026

Jose Luis Frantsesena: "Pribilegioa da danborradari ekarpena egin ahal izana"

Anitz Urkizu 2026ko urtarrilaren 16a

Jose Luis Frantsesena, Azpeitiko plazan.

Pianoaren aurrean hasi zen lehen melodiak sortzen, belarriari eta senari jarraituta, eta danborradarako sortutako piezekin bere arrastoa utzi du. Jose Luis Frantsesena 'Schubert' (Azpeitia, 1942) danborradako hainbat abestiren sortzailea da; zortzi pieza konposatu ditu guztira, eta horietatik hiru urtero entzuten dira plazan. San Sebastian jaietako gehigarri bereziko edukia da honako hau.

Guztira, danborradarako zortzi pieza sortu dituzu. Ez da kopuru makala...

Hala da, bai. Hasieran, banda txikiarentzat egin nituen kantak, orduan ez baitzegoen gaur egungoa bezalako banda handirik, ezta gaur egungo instrumentu kopururik ere. Denborarekin asko aldatu dira danborrada eta banda, eta horrek nire piezak berriro lantzera eraman nau; denak moldatu behar izan ditut, instrumentu gehiago sartu direlako eta soinua bera ere asko aldatu delako. Lan handia eskatzen du moldaketak egiteak, baina aldi berean, poz handia ere ematen dit, piezak bizirik mantentzen direlako eta gaur egungo danborradaren parte izaten jarraitzen dutelako.

Hainbat pieza talde jakinentzat sortu zenituen. Urteurren bereziekin lotuta?

Barratsu taldeari pieza egin nion 25 urte bete zituenean, eta Amnistiari ere bai, urteurren beraren bueltan; biak 2004an egin nituen. Sanjuandegikoei ere sortu nien abesti bat, arrazoi beragatik, 2005ean. Halako urteurrenek zerbait sortzeko aitzakia polita ematen dute, baina gero kantu horiek hor gelditzen dira askotan; batzuetan jotzen dira, besteetan ez, eta normala da. Konposatzea gauza bat da, baina gero besteek zer esan nahi duzun ulertzea eta beren egitea... Hori izaten da benetan zailena.

"Konposatzea gauza bat da, eta beste bat besteek zer esan nahi duzun ulertzea"

Mandioko polka piezak harridura sortu zuen hasiera batean herritarren artean. Nola oroitzen duzu sasoi hura?

Lehenengo haurrek ikasi zuten, eta kalean jotzen hasi zirenean, jendeak zera esaten zidan: "Baina zer txorakeria da hau?". Abestiaren zati batean makurtu eta salto egiten dute taldeetako kideek, eta hori ez zen ohikoa. Nik beti esan izan dut: nahi duenak egin dezala, eta nahi ez duenak, ez. Denborarekin, ordea, jendeari asko gustatu zitzaion pieza, eta gaur egun, oso gustura jotzen dute.

Nolakoa izaten da zure sorkuntza prozesua?

Normalean probatzen eta bilatzen jarduten dut. Danborradarako piezak sortzerakoan, askotan zerbait idazten hasten naiz lehenengo, ideia bat, melodia zati bat edo erritmo bat. Sortutako hori pianoan probatzen dut, eta hortik aurrera hasten da benetako lana: ideia hartu, aldaketak egin, moldaketak, zuzendu, berriro probatu... Eta pixkanaka pieza osatzen da. Musika konposatzea idaztea bezalakoa da: burura etorritakoa idazten hasten zara, eta hariari tiraka sortzen da pieza. Lehenengoan ateratzen den hori ez da inoiz bere horretan gelditzen; idazten eta entzuten zoazen heinean, aldaketak egiten joaten zara.

Zuk sortutako abestien artetik, zein da gehien gustatzen zaizuna?

Bitxia bada ere, gehien gustatzen zaidana ez da jotzen: Amnistia taldeari egin niona. Barratsurena eta Barrenetxearena ere oso onak iruditzen zaizkit, baina Amnistiak badu ukitu berezi bat, beste zerbait. Askotan gertatzen da sortzaileok gustukoen duguna ez izatea gehien entzuten dena, baina hori onartzen ere ikasi egin behar da.

Zure abestiak plazan entzuten dituzunean, zer sentitzen duzu?

Ohituta nago jada, urte asko pasatu direlako, baina hala ere barrua mugitu egiten zait. Ez da nahi adina alditan gertatzen, baina momentu jakin batzuetan zera pentsatzen dut: "Hauxe gauza ederra". Une horietan konturatzen zara egindako lanak zentzua izan duela. Horrek satisfazioa eta poza, biak sortzen dizkit, isilean bada ere.

Danborradarako egin zenuen lehen pieza 1986koa da, Soreasuko Sebastian. Nola gogoratzen duzu haren sorkuntza prozesua?

Kanta hori izan zen sortu nuen lehenengoa, eta egia esan, ez zen batere erraza izan danborradan sartzea. Komeriak izan nituen. Jendeak esaten zidan Sebastian Donostiakoa zela, eta nik hala erantzuten nien: "Baina gu zer gara, donostiarrak ala azpeitiarrak?". Azkenean lortu nuen danborradan sartzea, eta gaur egun, atzera begiratuta, pozik nago egindakoarekin. Ez naiz kexatzen.

"Gaur egungo danborradak maila handia du, baita bandak ere, eta hori pozgarria da"

Denborarekin banda eta danborrada asko aldatu dira. Nola bizi izan duzu bilakaera hori?

Asko hobetu da dena: banda bera, musikariak, baliabideak, entseguak... Jendeak gero eta gehiago daki musikaz, ikasteko aukera gehiago daude, eta instrumentuak ere kalitate handiagokoak dira. Horrek guztiak eragin zuzena du emaitzean. Gaur egungo danborradak maila handia du, baita bandak ere, eta hori pozgarria da.

Gaur egun, danborradarako beste pieza bat sortzeko eskatuko balizute, animatuko al zinateke?

Bai, dudarik gabe. Orain lehen baino errazago edo hobeto egingo nukeela uste dut, urteek esperientzia ematen dutelako. Gauzak beste modu batera ikusten dituzu, lasaiago, eta horrek lagundu egiten du sortzerakoan.

Zer dira zuretzat San Sebastian festak?

Festa polita izaten da, beti gustatu izan zaizkit. Musika, kalea eta jendea elkartzen diren egun bereziak izaten dira, eta Azpeitian jai horiek oso modu berezian bizitzen dira, gainera. Pribilegioa da niretzat horren parte izatea eta danborradari urteetan zehar ekarpena egin ahal izatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide