
Igor Aranguren (Inpernue elkartea)
Inauteri zalea dela onartzen duen arren, Igor Arangurenek baditu ahaztu ezin dituen San Sebastian festei lotutako hainbat oroitzapen. Duela lau urte inguru egin zen Inpernue elkarteko bazkide, eta ordutik, talde horrekin irteten du danborra jotzen. Aurrez ere danborradan atera izan da, baina, Aranguren. "17 urte izango nituen Etxera taldearekin irten nuenean, eta urte hartan, justu, jantzi berriak estreinatu genituen. Ordutik, sansebastianei zuku gehiegi atera gabe zegoela onartu du, Inpernue elkartera batu zen arte. "Orain poztasuna sortzen didate sansebastianek; danborradan ateratzen naizenetik, festa asko hobetu da niretzat". Danborradakoa esperientzia ezin hobea dela esan du, talde eta lagun giro paregabea dituztelako. "Beste taldeetan ere giro bikaina izango dute, baina Inpernu soziedadean lortzen duguna ikaragarria da". Duela bi urte, taldeko zuzendariak ezin izan zuen danborradan irten, eta Arangureni egokitu zitzaion hura ordezkatzea. Haren hitzetan, "ohorea" izan zen taldea gidatzea.

Itxaso Larrañaga (Etxera)
Duela hamar-hamabi urte hasi zen Itxaso Larrañaga Etxera taldearekin danborradan irteten. Dena den, aurretik, bizpahiru urtetan jo zuen danborra aitaren elkarteko taldean, Zokoan. Etxera taldeko emakumeak 17:30erako elkartzen dira buruan eramaten duten zapia janzteko, eta ondoren, poteoa egiten dute. Hori da, hain zuzen ere, Larrañagari sansebastianetatik gehien gutatzen zaiona: "Orkatzen elkartzen gara denok, eta poteoari ekiten diogu. Gero afaria egiten dugu, eta sabelak betetakoan, argazkia ateratzen dugu tabernaren aurrean". Haren ustez, "ederra" izaten da danborrada hasi aurretik Erdikaletik kalean gora joaten diren unea. "Danborrada bera gustatu egiten zait, baina aurreko guztia, are gehiago".

Sara Zabaleta (Iraurgi saskibaloi taldea)
San Sebastian bezpera "asko" gustatzen zaio Sara Zabaletari. Hark dioenez, "egun berezia eta desberdina" izaten da. Urte guztian ikusten ez dituen edota harreman zuzenik ez duen pertsonekin egoteko aukera izaten du egun horretan, eta hori gustuko du Zabaletak: "Afarian, danborradan eta ondorengo parrandan elkarren artean sortzen den giroa ederra izaten da; adin, gustu edota giro desberdinetako pertsonak elkartzen gara egun horretan". Gaztetan hasi zen helduen danborradan irteten, Irrintzi elkartearekin, hain zuzen ere. Talde horretan banderaduna ere izan zen 18 urte egin zituen urtean. 2004. urtetik, taldea sortu zutenetik, baina, Iraurgi saskibaloi taldearekin ateratzen da Zabaleta. "Jantzia egin nuen arren, ezin izan nuen irten lehen urte hartan; izan ere, unibertsitate ikasketetako azken urtea ari nintzen egiten Mexikon. Ondorioz, urtebete beranduago irten nuen lehen aldiz saskibaloi taldekoekin". Aurten ere ez du hutsik egingo danborradan, baina lan eguna izanik, 16:30 edo 17:00 aldera aterako da lanetik, eta gero batuko da festara. "Prestatu ondoren, taldekideekin geldituko naiz pare bat trago hartzeko, eta 19:30erako afaltzera joango gara. Ondoren etorriko denerako prest egongo naiz".

Aitziber Salegi (Harkaitza elkartea)
Astelehen karnabal batean jaiotakoa da Aitziber Salegi, eta ondorioz, inauteriak ditu jairik gustukoenak, "ezin zukeen izan bestela", baina sansebastianetan ere asko gozatzen duela esan du. "Helduen danborradan atera nintzen lehen aldian banderadun izan nintzen; 17 urte nituen". Orduz geroztik, danborra astinduz igaro izan ditu herriko kaleak San Sebastian bezperan, Etxera taldearekin lehen, eta Harkaitzarekin, gaur egun. Argi du sansebastianetatik zer duen gogokoen: "Herritarrek sortzen duten jaia da. Ez dut sansebastianak iritsi eta festan parte hartu ez izanaren oroitzapenik. 3 urte nituenerako, amak inude janzten ninduen San Sebastian egunez, eta familia guztia kalera irteten ginen. Ondoren, ikastetxetik atera nintzen haurren danborradan, eta helduenean, berriz, denetarik probatu dut: banderadun nahiz kantinera, barrikak eta danborrak... Denetarik egin dut!". Sansebastianak "nahi duen orok" parte hartu dezakeen festak direla esan du, eta berak, jaiaz gozatu ahal izateko, "ahal duen moduan" antolatzen dela adierazi du, batzuetan ez baitzaio erraza egiten bezperan prestatzea: "Jantzia, ahal dela, prestatuta uzten dut aurreko egunean; izan ere, egokitu izan zait arratsaldez lana egitea eta orduak libre eskatu behar izatea afaltzera iristeko".

Antonio Gallarin (Ziripot elkartea)
Antonio Gallarin Ziripot elkarteko taldearen zuzendaria da gaur egun. Horretan hasi aurretik danborra jotzen irteten zuen desfilean, eta bi rolak gustatzen zaizkiola onartu du: "Danborra jotzea oso ederra da, beste modu batera bizitzen da festa; taldekideekin hitz egin, Idiarena abestiarekin dantzatu... Konplizitate horretan sortzen diren anekdotak ikaragarriak dira. Zuzendari izateak, berriz, ardura dakar berarekin: taldea txukun joatea, ondo zuzentzea... Eskolako garaian ere izan nintzen zuzendari, eta ezin ukatu gustatzen zaidanik!". Gallarani danborradatik gehien gustatzen zaion unea Soreasuko Sebastian Donearen parrokiko geldialdia da: "Bi pieza bakarrik jotzen dira han, San Sebastian martxa eta Soreasuko Sebastian, baina ikaragarrizko xarma duen lekua da: akustika, argiztapena... Txikitatik gustatzen zait une hori; izan ere, gurasoen lagun baten parrokia aurreko etxera joan ginen, eta txundituta geratzen nintzen handik ikusten nuenarekin. Ordutik, oroitzapen oso onak izaten ditut une horretan". Ikuspuntu desberdinetatik bizi du Gallarinek festa; izan ere, gaur egun udaleko zinegotzi ere bada, eta San Sebastian eguneko korporazioan eta elizkizunean ere parte hartzen du. "Horri esker, beste San Sebastian festa batzuk ezagutu ditut. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek parrokia barruan jotzen dute San Sebastian martxa, eta une hori edozein azpeitiarrek bizi behar lukeela uste dut".

Iker Amenabar (Zokoa elkartea)
Inauterien ondoren, sansebastianak jai gustukoenen sailkapeneko bigarren postuan ditu Iker Amenabarrek. Gaztea izanagatik, urte ugari daramatza urtarrilaren 19an danborra jotzen, eta horrek ilusioa "zertxobait apaldu" dio azken urteetan. Dena den, festa maitea du danborraren bueltakoa. Zokoa elkartearen taldetik atera izan da betidanik danborradan, eta aurten, festa horretan jarraian parte hartuko duen 25. aldia izango da. "2001. urtean hasi nintzen danborradan ateratzen, 17 urte nituela, eta beraz, urteurren borobila izango dut aurtengoa". San Sebastian bezpera, urtero nahiko egun "kaotikoa" izaten duela onartu duen arren, aurtengoa lasaiagoa izango duela uste du: "Lana egokitzen denean, dena presaka eta korrika egin behar izaten da, 18:45erako elkartean egotea komeni izaten delako. Behin martxan hartutakoan, ordea, dena ondo joaten da. Aurten, zubia izango dut data horietan, eta beraz,lasaiago ibiliko naizela uste dut". Txikitatik izan du danborradan irteteko grina. Hark dioenez, umetatik egon zen helduen danborradan irteteko "zain-zain", eta "ederrena" danborradan aitarekin batera ateratzea dela esan du: "Urtean behin danborra elkarrekin jo eta batera egiten dugu parranda ondorenean. Niretzat hori da San Sebastian festek duten berezitasun nagusiena".