Sansebastianak 2026

Ba al dago urtea hasteko modu hoberik?

Nagore Alkorta 2026ko urtarrilaren 17a

Nagore Alkorta alkateak 2026ko San Sebastian jaietako egunkari berezian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Baserritar jantziak gorde orduko hasten gara sansebastianetarako trajeak prestatzen. Gabonetako apaingarriak jaso bezain pronto, danborrak ateratzen ditugu. Hator, hator edo Olentzero kantatzetik, gure playlist-ean Tatiago, Idiarena eta beste pieza guztiak jartzera pasatzen gara. Eta ba al dago urtea hasteko modu hoberik?

Konturatzerako, hemen ditugu sansebastianak aurten ere, eta zer esango dizuet bada: pozik eta gogotsu nago. Behin baino gehiagotan aitortu dut lerro hauetan nire festa kuttunak direla. Badutelako zerbait berezia, hitzen bidez esplikatzeko zaila izan arren, barruan sentitzen dena.

Azken urteotan, festa udaletxeko balkoitik bizitzeko ohorea izan dut. Alkate kargua hartu berritan, uste nuen urteekin ohitu egingo nintzela danbor hotsen bueltan sortzen den magia horretara, baina baita zera ere: lehen urtean adina edo gehiago hunkitzen naiz oraindik ere gauerdian San Sebastian martxa hasten denean; emozionatu egiten naiz taldeak bata bestearen atzetik pasatzen ikustean; eta zer esanik ez denak elkartzen direnean plazak izaten duen itxurarekin, egoten den giroarekin.

Bi talde berriren parte hartzeari esker (ongi etorri!), aurten, 33 taldera iritsiko gara

Bi talde berriren parte hartzeari esker (ongi etorri!), aurten, 33 taldera iritsiko gara helduen danborradan. 1.600 pertsona inguru esan nahi du horrek. Haurren danborradan, berriz, 500 ume inguru aterako dira, ADIko kideek egindako Urolako trenari buruzko karroza dotorea atzetik dutela. 15.000 biztanle pasatxoko herri batentzat bada zerbait.

Festak, noski, lana ere badakar berarekin. Horregatik, eskerrik asko, bene-benetan, sansebastianak posible egiten dituzuen guztioi, zuen denbora eta ilusioa eskuzabaltasunez partekatzeagatik. Era berean, gogoratu: Danona da festie, danona da ardurie.

Konturatzerako iritsi dira sansebastianak, eta, tamalez, amaitu ere nahi baino lehenago egingo dira. Saia gaitezen, beraz, ahalik eta gehien gozatzen, izan danborra joz edo ikusle modura. Atera kalera, elkartu lagunekin, egin eten bat eguneroko errutinan eta bizi momentua. Ea aurtengo sansebastianek ere arrasto polit bat uzten duten guztiongan.

Gora Azpeitia eta gora sansebastianak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide