2 026koa ez da beste urte bat izango Oilo-Soro danbor taldearentzat. Hogeigarren danborrada izango dugu lehen aldiz kalera atera ginenetik, 2004an irten genuen lehenbizikoz. Urteurrenek badute berezitasun bat: atzera begiratzera, eta, aldi berean, aurrera proiektatzera behartzen gaituzte. Guretzat, hogeigarrena emozioz betea izango da, gogoangarria, eta, beti bezala, festaz gozatu eta ondo pasatzeko unea.
Urtez urte, Azpeitiko danborrada bera bezain bizi sentitu dugu gure taldea. Festak izan duen bilakaera bi hitzetan laburbildu daiteke: gaztea eta emakumea. Danborrada nabarmen gaztetu da, eta emakumeen parte hartzea ikaragarri handitu. Horrek erakusten du Azpeitiko danbor festa osasuntsu dagoela; sustraituta baina etengabe berritzen. Tradizioa ez da geldirik egotea, bizirik irauteko moldatzea da.
Gazteak barrura, danborra hartzera; eta ez hain gazteak kalera, gozatzera
Oilo-Soro ez da joera horretatik kanpo geratu. Azken urteetan belaunaldien arteko erreleboa argi sumatzen ari gara: 2004an taldea osatu genuenon seme-alabak ari dira lekua hartzen. Gazteak barrura, danborra hartzera; eta ez hain gazteak kalera, ikusle, gozatzera. Eta urtero gero eta gehiago. Hori da, agian, edozein kultur elkartek izan dezakeen albisterik onena.
Hala ere, oraindik bagara danborra jotzeari tinko eusten diogun batzuk. Ez temakeriaz, baizik eta sentimenduz, badakigulako zer den barrutik bizitzea gau berezi hori.
Taldeko zuzendari ohiak, egun danbor jotzailea den Jon Galdosek, erronka bota du: 2031n, 25. irteeran, gazteek bereganatu dituzten danborrak berreskuratu eta talde originala berriz kalera irtetea. Ideia hutsa baino, transmisioaren sinbolo ederra izan daiteke.
Eta ezin amaitu lehen talde hartakoak ziren baina gaur gurekin ez daudenak gogoratu gabe: Santxo, Pipillo, Zaldiye... eta aurten, bereziki, Xabier. Mila musu eta besarkada. Urteroko danbor arradak zuei eskainiak izango dira. Danborradak jarraitu egiten duelako, baina memoriarik gabe ez lukeelako zentzurik izango.