Sansebastianak 2026

Gauza txiki handiak

Maite Bereziartua 2026ko urtarrilaren 17a

Maite Bereziartuak 2026ko San Sebastian jaietako egunkari berezian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Badatoz sansebastianak, egun gutxiren buruan danbor hotsez beteko zaigu herria. Festa "ederrak" eta "handiak" dira sansebastianak. Baina festetako momentu guztiak ote dira ba "ederrak" eta "handiak"?

Ez dut gezurrik esango: niri sansebastianak "ederrak" eta "handiak" iruditzen zaizkit. Urtarrilaren 19an, 22:00etan, edo 20an, 12:30ean, priiiiiiiiiii jo eta Hau dek hau abestia hasten denean, parrokia parean San Sebastian Martxa edo Soreasuko Sebastian entzutean, gauerdiko kanpaiak herriko Enparantza Nagusian... Bai, momentu bereziak, sabelean tximeletak dantzan jartzen dituzten horietakoak. Baina, nire barruan, ez dut uste horiek direnik festa benetan "eder" edo "handi" egiten duten momentuak.

Aurretik badaude hainbat momentu, txikiak eta ezkutukoak agian

Aurretik badaude hainbat momentu, txikiak eta ezkutukoak agian, megafoniarik gabeak, fokoen argipean ez daudenak. Baina horiek gabe, festarik ez. Prestaketez ari naiz.

Asko eta asko dira danborradako taldearen gerizpean atera arren, beren arropen jabe direnak; norbere arropa, norbere danborra. Ziur arropa eta danbor horiek beti ganbarako leku berean hartzen dutela hautsa urte guztian zehar. Hori helduen danborradako partaide askoren errealitatea da. Baina helduen danborradako talderen baten eta haurren danborradako talde guztien errealitatea oso bestelakoa da. Danbor jotzaileen arropak zaindu, kantinerenak eta banderadunenak, gastadoreenak, zuzendarienak, askatutako botoiak josi, handiegi dauden txaketak estutu, txikiegi dituzten galtzak zabaldu, txapelak eta danborrak gorde, hautsitako danborrak konpontzera eraman, partaideak kudeatu, ile apaindegiko hitzordua hartu... Amaiera urrun izango lukeen zerrenda... Sansebastianetarako dena prest izatearen ardura batzorde baten esku egon ohi da. Horienak dira lehen aipaturiko ezkutuko momentu txikiak, megafoniarik gabeak eta fokoen argipetik urrun, ondoren festa handi izatea ahalbidetuko duten mugimendu txikiak: bilerak, eskaerak, erosketak, konponketak, moldaketak... Une gazi ugari, baita gozoak ere.

Une guztiak jomuga batekin: sansebastianak. Hor amaitzen da urteko ibilbidea, berriz hurrengo jomugari begira jartzeko.

Ez dakit zoriz ala halabeharrez, baina festa egunera bidean dauden ezkutuko momentu txiki horiek gertutik ikustea ere egokitu zait. Horregatik esan dezaket festa "eder" eta "handi" egiten dutenak ezkutuko momentu txikiak direla, momentu txiki horiek gabe ez genituzkeelako urtarrilaren 19an, 22:00etan, edo 20an, 12:30ean, priiiiiiiiiii eta Hau dek hau abestia entzungo, ezta parrokia parean San Sebastian Martxa eta Soreasuko Sebastian edo gauerdiko kanpaiak herriko Enparantza Nagusian ere, ez behintzat modu berean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide