Sansebastianak 2026

Gogoz joko dut danborra

Imanol Campos 2026ko urtarrilaren 17a

Imanol Camposek 2026ko San Sebastian jaietako egunkari berezian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Txikitan oso danborrada zalea ez nintzen arren, beti parte hartu izan dut festan modu batera edo bestera. Adibidez, urtero-urtero ikastolan egiten diren danborradetan parte hartu izan dut.

Plaza beteta ikustean piztu zitzaidan danborradarekiko ilusioa

Kaleko haurren danborradan 7 urterekin izan nuen lehendabizikoz irteteko aukera. Gastadoreen taldean irten nintzen urte hartako San Sebastian eguneko danborradan. Gainera, banderadun gisa irten nintzen eta udaletxeko balkoitik astindu nuen bandera, plaza herritarrez beteta zegoen bitartean. Orduan piztu zitzaidan danborradarekiko ilusioa. Izan ere, han goitik azpeitiarrak danborra jotzen ikusteak asko emozionatu ninduen.

Aurten lehen aldiz kaleko haurren danborradan danbor jotzaile izango naiz, Izarraizpeko napoleoi gorrien taldean. Eguna iristeko pozez nago; ilusio handiarekin eta gogoz joko dut danborra.

San Sebastian eguna polita da niretzat, eta ziur nago ederki ibiliko naizela danbor festan familiarekin eta lagunekin batera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide