Herriko ikastetxeetako hainbat ikaslek San Sebastian eguneko haurren danborradan parte hartuko badute ere, ikastetxeetan ere danborradak egingo dituzte herriko festak hasi aurretik. Eguraldia lagun bada, aurten Izarraizpe ikastola publikoko HHko eta LHko ikasleek elkarrekin egingo dute danborrada, epaitegiaren aurreko aparkalekuan. Iraurgikoek beren ikastetxeko jolastokian nahiz Goienetxe eguneko zentroan eta San Martin egoitzan egingo dituzte danborradak. Ikasberri ikastolakoek, berriz, ohi bezala ikastolaren jolastokian egingo dute.
Hona biharko ikastetxeetako danborraden informazioa eta ordutegiak:
- Iraurgi ikastetxea: 10:15ean, haur eskolakoek eta HH2ko ikasleek danborrada egingo dute. Ondoren, 10:30ean, LH4ko ikasleak danborradan joango dira Goienetxe eguneko zentrora. Arratsaldean, 15:00etan, DBHko ikasleak danborradan joango dira San Martin egoitzara, eta 16:00etan, HH3tik DBH2ra arteko ikasleek, gurasoek, San Martin egoitzakoek, Goienetxekoek eta Gautenakoek elkarrekin danborrada egingo dute Iraurgi ikastetxearen Betharrametako jolastokian.
- Izarraizpe ikastola publikoa: Eguraldi ona eginez gero, HHko eta LHko ikasleek danborrada egingo dute, 16:00etan, Euskal Herria kaleko epaitegiaren aurreko aparkalekuan. Eguraldi txarra eginez gero, HHkoek beren ikastetxeko goiko jolastokiko aterpeetan egingo dute danborrada, 15:30 aldera hasita. LHkoek, berriz, beren ikastetxeko frontoian egingo dute danborrada, 16:00 aldera hasita. Euria egingo balu, HHko gurasoek ikasleen danbor festan parte hartzeko aukera izango lukete; LHkoen gurasoek ez, toki faltagatik.
- Azpeitiko Ikastola Ikasberri: HHko eta LHko ikasleek danborrada egingo dute ikastolaren atarian, 16:00etatik 17:00etara.