Euskadiko Automobilismo Federazioaren sarietan hamar sari jaso dituzte Azpeitiko gidari eta kopilotuek

Nerea Uranga 2026ko urtarrilaren 18a

Euskadiko Automobilismo Federazioaren sari banaketako sarituak, gaur Azkoitiko Baztartxo aretoan. (Utzitakoa)

Iazko denboraldian jokatutako automobilismoko euskal txapelketetako sariak banatu dituzte gaur eguerdian Azkoitiko Baztartxo antzokian egin duten ekitaldian. Azpeitiko gidari eta kopilotu bat baino gehiago izan dira garaikurra jaso dutenak.

Euskadiko Automobilismo Federazioak 2025. urtean jokatutako euskal txapelketetako sariak banatu ditu gaur igandea, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Sari banaketa ekitaldian, denera 120 garaikur baino gehiago banatu dituzte. Horietatik hamar garaikur jaso dituzte Azpeitiko gidari eta kopilotuek.

Besteak beste, autokros txapelketako, slalomeko, erregulartasuneko, rallysprinteko, lur gaineko rallyetako, mendiko probetako, 206 Kopako, rallyetako eta Pirelli kopako sariak eman dituzte Baztartxon egin duten sari banaketa ekitaldian. 

Azpeitiko gidari nahiz kopilotuek lortu dituzten sariak honakoak izan dira: autokroseko txapelketari lotuta, Jesus Etxeberriak bigarren sailkatuaren saria jaso du II. mailan. Rallysprint txapelketako seigarren mailako lehen sailkatuaren garaikurra Mikel Labaka kopilotuak eskuratu du. Formula librean, Aratz Buldainek bigarren sailkatuaren garaikurra jaso du, eta hirugarren sailkatuarena Enaitz Etxeberria urrestildarrak. Lur gaineko rallyen txapelketako hiru garaikur jaso ditu gaur Gorka del Cid gidariak, gidarien artean bigarren sailkatuarena nahiz junior mailako eta lehen mailako txapeldunarenak. 2025eko rally txapelketako bigarren mailako kopilotu txapeldunarena jaso du Maria Aranberri nuarbetarrak. Nazioarteko sarien barruan, berriz, Igor Agirrebeñak autokros-Ceax txapelketako seigarren sailkatuaren garaikurra eskuratu du eta Iosu Alberdik Kroskar RX saileko laugarrenaren saria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide