Larunbat arratsalde borobila izan zuen Lagun Onakek. Bi talde nagusiek etxean jokatu zuten, euren zaleen aurrean, eta jokoan ziren puntu guztiak poltsikoratzea lortu zuten. Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak Gasteizko Aurrera taldearekin neurtu zituen indarrak ligako bigarren bueltako lehen jardunaldian. Azpeitikoak zelaian nagusi izan ziren partidaren hasieratik bukaerara, eta partidaren bukaeran markagailua zen horren testigu: 4-0. Hamargarren minuturako bi golen aldearekin aurretik ziren Jose Luis Riberaren jokalariak, hirugarren minutuan Alex Letamendiak eta zortzigarrenean Jon Sorazuk sartutako golei esker. Hirugarrena, 29. minutuan sartu zuen Sorazuk berak, eta 75.ean Manex Aristik egin zuen laugarrena.

Emakumeek, berriz, Errenteriako (Gipuzkoa) Touring hartu zuten Garmendipen, Ohorezko Erregional Mailako ligako jardunaldian. Lehen minututik partidan sartzea lortu zuten etxekoek eta laugarren minutuan egin zuten aurreneko gola. Julene Elustondo izan zen golegilea, Joane Kortaren erdiraketa buruz errematatuta. Eta bigarren gola ere berehala etorri zen. Joane Kortari area barruan falta egin zioten, epaileak penaltia adierazi zuen, eta Lorea Ruedak ez zuen barkatu. Bigarren zatiari ondo ekin zioten etxekoek, baina aurkariak izan ziren gol aukera gehien sortu zituztenak. Kontrarioa hazi ahala, Lagun Onak husten joan zen, eta partida bukatzeko hamar minuturen faltan gol bat ere jaso zuen, baina markagailuan 2 eta 1ekoarekin iritsi ziren neurketaren amaierara.