Luis Martija: "Gai guztiek eramaten gaituzte leku berera, komunikaziora"

Mailo Oiarzabal 2026ko urtarrilaren 21a

Luis Martija. (Mailo Oiarzabal)

Heriotzaz eta doluaz solasteko jaioak, askotariko gaien bueltan aritzeko espazio bilakatu dira Arroabeko kafe tertuliak. "Norbere buruari galderak egiteko" saioak dira, horiek gidatzeaz arduratzen den Luis Martija azpeitiarraren aburuz.

"Kafe makina badago eta kafea ere bai, baina normalean ez dugu kaferik hartzen", dio Luis Martijak (Azpeitia, 1961), Arroabeko kafe tertulia saioen gidariak. Hitz eta pitz aritzearena, ordea, bai, betetzen dute. Erantzun bila dabilenarentzat baino, "bere buruari galderak" egiten dizkionarentzat dira saioak, gidariak azpimarratu duenez. Etzi egingo dute 2026ko lehenengoa, autoestimua hizpide hartuta, ohiko tokian eta ohiko ordutegiarekin: Elkargunean, 18:30ean.

Arroabeko kafe tertuliak gidatzen dituzu 2022tik. Nolatan hasi zinen eginkizun horretan?

Neure adin bueltako auzotar batzuekin filosofatzen hasita, garai hartan Azpeitian Manex Beristain-eta heriotzaren gainean egiten hasita zeuden kafe tertulien antzeko zerbait Arroan egin genezakeela pentsatu genuen. Hemen ere heriotzaren eta doluaren inguruko gaiak jorratzen hasi ginen. Yoga eskolak alde batera utzita, norbere  buruari galderak egitea nahi zutenentzako espazio bat falta genuela ikusi genuen, eta espazio hori bete asmoz hasi ginen kafe tertuliak egiten. Eta nahiko ondo funtzionatzen dute, gustura nago.

Antzeko lanetan esperientziarik ba al zenuen?

Ez, eta formazio espezifikorik ere ez daukat, baina neure terapia egina nintzen lehenagotik, eta heriotzaren gaineko tailer batean ere ibili nintzen garai batean. Dena den, lehen egunetik esan nien kafe tertulian elkartzen hasi ginenoi: "Hona ez etorri erantzun bila, hemen dena galderak izango dira, bakoitzak bere buruari egingo dizkion galderak". Gero, gai jakin baten gainean norbaitek gehiago sakontzea behar badu, badauzkat horretan lagun dezaketen ezagunak. Ni moderatzailea besterik ez naiz, galderak egiten dituena. Normalean, gainera, galdera bakarra izaten da. Adibidez, datorren ostiralean galdera izango da autoestimuari buruz: autoestimua teknikoki zer den, zer esan nahi duen edota gure barnean zer eragin daukan azalduko dut nik sarrerakoan, eta hortik aurrera, bakoitzak parte hartuko du, autoestimua nola sentitzen edo nola bizi duen kontatuz, partekatuz. Saioan zehar norbaiti galdera zehatzagoak edo sakonagoak sortzen bazaizkio, nik ez diot erremediorik emango, beste bide bat bilatu beharko du erantzunak aurkitzeko.

Hilean behin-edo elkartzen zarete kafe tertuliarako. Talde finko antzekoa duzue ala gaiaren arabera aldatzen da?

Saiatzen gara hilean behin elkartzen, ostiralez, 18:30an, Elkargunean. Ordubete edo ordu eta erdiko saioak izaten dira; batzuetan katramilatu eta gehiago luzatzen gara, baina saiatzen gara gehiago ez luzatzen. Sei-zortzi pertsonak ia saio denetan parte hartzen dute, eta badago noizbehinka agertzen den jendea ere. Gaiaren arabera aldatu ere egiten da jende kopurua, gutxiago etortzen dira.

Gai jakin batek beldurra edota errespetua eragiten dielako joan gabe gelditzen dira?

Gertatu izan da, bai. Gogoan daukat pertsona toxikoen gaineko saio bat egin genuela, eta hiru lagun bakarrik etorri zirela [barrez].

Maitasuna, beldurrak, errespetua, gurasotasuna… Landu dituzuenen lagin bat besterik ez dira aipatutakoak. Nola aukeratzen dituzue gaiak?

Heriotzaz eta doluaz hizketan hasi ginen, baina hortik aurrera, saio bakoitza bukatzen denean, hurrengorako norbaitek proposamenik ba al duen galdetzen dut; baten batek gairen bat proposatzen badu, ondo, eta bestela, neuri bururatzen zaidana.

Errepikatu ere egiten dituzue.

Bai. Oraingo txanda bukatzen dugunean, seguru aski heriotza-eta lantzera itzuliko gara berriro. Azken finean, nire ideia zen jendeak norbere buruari galderak egitea. Saioetara joaten den jendea ere... Jende gazterik ez da joaten, jende gaztea beste kontu batzuetan dabil. 50 eta 75 urte bitartean dabiltza tertulietara joaten direnek.

Zer esan nahi du horrek? Gerora hasten garela geure buruari galderak egiten?

Bai, baietz uste dut. Zeure bizitza gutxi gorabehera antolatuta duzunean, hor hasten zara zeure buruari galderak egiten. Bizitzaren sasoi bakoitzak bere erritmoak eta lehentasunak izaten ditu, hori horrela da.

Beti jende beretsua elkartzeak erraztu ala zaildu egiten du gaien aukeraketa, horietan sakontzea...?

Ez dakit. Gertatzen dena da, gai guztiek eramaten gaituztela leku berera: komunikazioa. Ibili-ibili eginda, plazaratu ditugun gai denek komunikaziora eraman gaituzte.

Komunikazioa? Zer zentzutan?

Demagun ostiralean landuko dugun autoestimuari buruz ari garela. Umetan nola hezi zaituzten, gurasoekin, kuadrillarekin edota zure gertuko jendearekin zer-nolako komunikazioa izan duzun; horren arabera, zure autoestimua hobea ala okerragoa izango da. Bikote bizitzaren osasunari dagokionez, beste horrenbeste: oinarrizkoa da komunikazioa, ondo komunikatzen jakitea.

Pertsonen osasun emozionalerako inguruarekin komunikazio egokia izatea gakoa dela esango zenuke?

Hori da. Ume-umetatik hasita, gurasoekin zein anai-arrebekin komunikazioa ona bada, errespetuaren barruan eta positiboa bada, bizitzan zehar eragin oso garrantzitsua izan dezake. Komunikazio onarekin indartu egiten da pertsonaren nortasuna eta umeei bizitzarako oinarri sendoak ematen dizkiezu.

Haurtzaroko bizipenak erabakiorrak direla uste duzu, beraz?

Niretzat, garbi dago: 7 urtera bitartean zure bizitzan ematen den bilakaerak hortik aurrerako guztia markatzen du.

Gidari lanean eskarmentu nahikoa baduzu dagoeneko. Hasieran baino errazago egiten al duzu lan hori edo gaiaren arabera aldatzen da kontua?

Ez da lan konplikatua, baina bai, hasieran urduriago egoten nintzen. Ez dakizu jendeak zer galdetuko dizun, ezta ezin diezula lagundu esandakoan nola hartuko duten ere. Orain badauzkat erremintak, eta laguntza behar dutenak nola bideratu ere jakin dezaket.

Zer ekarpen egin dizute zeuri kafe tertuliek?

Komunikatzeko eta sentimenduak adierazteko ditugun arazoez jabetzeko balio izan didate, gehienbat, kafe tertulia saioek. Eta, horrekin batera, jabetu naiz adinean aurrera goazen heinean pertsona askok gero eta zailtasun handiagoak ditugula gaur egungo gauza asko ulertzeko, gaur egungo bizimoduaren abiaduraren erritmoari ezin jarraituta bezala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide