Aro berria filmaren emanaldi bana izango dira igandean eta astelehenean Soreasu antzokian. Irati Gorostidik zuzendutako drama generoko filma 19:30ean emango dute igandean, eta 21:00etan, berriz, astelehenean. Bi emanaldietarako sarrerak Kulturazen webgunean eros daitezke.
Honako hau da filmaren sinopsia: "Donostian, 1970eko hamarkadan. Ur kontagailuen fabrikako langileak baldintza duinago batzuen aldeko borrokan ari dira. Lanuzteak egin dituzte, manifestazioak eta protestak, baina hitzarmen berria iristean nahikoa ez dela pentsatuko dute batzuek. Langile talde bat egin daitekeenaz eztabaidatzeko elkartu da. Bertan sortuko dira lanaz haratago doazen dilemak: zentzua al du lan baldintza duin batzuk lortzeak gure bizitza pertsonalean askeak ez bagara? Urte batzuk igaro dira. Fabrika aspaldi utzi dute atzean batzuek, eta beste batzuek bertan jarraitzen dute; familia aurrera atera beharrak eraman zituen garai hartan eztabaidatutako baldintzak onartzera. Alde egin zutenetako batzuk basoan bizi den komunitate batera joan ziren. Beste bizitza bat bilatzen duten pertsonek osatutako komunitate batera".