Bihar hasiko da Herriarteko Bertso Txapelketa Urola Erdian. Txapelketako lehen hitzordua Zestoan izango da, Harresi tabernan, 22:00etan. Bi talde ariko dira nor baino nor lehian: Erraila eta Igerilari Artfizialak. Biharkoa hasiera baino ez izango; izan ere, lehen fasean bost saio eta finala egingo dituzte Urola Erdiko herrietan, Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatuta.
Etxean ariko dira kantuan Erralla taldeko Gorka Olaizola, Oskar Alberdi eta Aitor Salegi bertsolariak, Aitor Zabala gai jartzailea eta Joritz Zinkunegi epailea. Azpeitiko Igerilari Artfizialak taldeko kideak, berriz, honako hauek dira: Jon Odriozola, Joanes Azpillaga eta Oier Etxeberria bertsolariak; Jon Iriarte gai jartzailea nahiz Xabier Azpillaga epailea.
Zazpi talde ariko dira Herriartekoaren Urola Erdiko lehen fasean: Azkoitiko bi, Azpeitiko hiru, Azpeiti-Errezilgo bat eta Zestoako bat. Biharko saioa Zestoan izango da, baina hurrengo kanporaketak Azkoitiko Zurt (urtarrilaren 30ean) eta Azpeitiko Korrale (otsailaren 6an) tabernetan egingo dituzte.
Saio horien irabazleak otsailaren 20an Errezilgo Borondegin eta hil horren 27an Aizpurutxoko Itziar jatetxean egingo dituzten bertso afarietan (20:30) ariko dira finalerako txartelaren bila. Hain zuzen, martxoaren 13an izango da finala, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan, 22:00etan. Garailea hurrengo fasera igaroko da.
Urola Kostan, berriz, otsailean hasiko dute lehen fasea. Hil horren 6an izango da aurreneko saioa, Aiako Andatza elkartean. Orotara, zortzi talde ariko dira lehian, hurrengo faserako txartela eskuratzeko.
Honako lotura honetan irakur daiteke eskualdeko txapelketaren lehen fasearen gaineko informazio guztia.