Uholdeen eta haizeteen aurrean jarduteko protokoloa ondu du Azpeitiko Udalak, eta larrialdi planaren zati hori jendaurrean aurkeztuko dute etzi, asteazkena, 19:00etan, Azoka Plazako aretoan. Larrialdi egoera baten aurretik, unean bertan nahiz ondoren hartu beharreko neurriak zeintzuk diren azalduko dute bilkuran.
Sie enpresa ari da Azpeitiko Udalarentzat larrialdi plana egiten, eta hain zuzen, enpreas horretako ordezkari batek nahiz Ander Larrañaga zinegotziak emango dituzte protokoloaren gaineko azalpenak. Udaltzaingoaren ordezkariak ere han izango dira, herritarren zalantzak argitzeko.
Udala larrialdien aurrean prebentzioa eta herritarren segurtasuna indartzeko helburuz ari da protokoloa lantzen. Besteak beste, uholde nahiz haizete arriskuez haratago, arrisku antropikoen (suteak, ekitaldi masiboak...), arrisku teknologikoen (industrialak, kimikoak...), garraio arriskuen eta abarren aurrean nola jokatu ere jasoko dute. Plan osoa martxorako bukatuta izatea aurreikusten du erakundeak.