Helmuga Turistiko Adimenduaren izendapena jaso du Urola Erdiak Fiturren

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 23a

Urola Erdiko ordezkariak, jasotako aitortzarekin. (Azkoitiko Udala)

Iraurgi Berritzenek Fitur nazioarteko turismo azokan izendapen berezia jasotzeaz gain, Ignaziotar Bideko berrikuntzak aurkeztu ditu horren elkarteak, egitasmoa "erreferentziazko helmuga turistikoa" izan dadin. 

Madrilen egiten ari diren Fitur nazioarteko turismo azokan dira eskualdeko ordezkariak egunotan, eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak aitortza berezia jaso du han. Izan ere, Helmuga Turistiko Adimenduaren (HTA) izendapena eskuratu du Urola Erdia eskualdeak. Atzo jaso zuten bereizgarria Iraurgi Berritzeneko zuzendari Begoña Beobidek eta Azpeitiko zinegotzi zein garapen agentziako kontseilariak, Segittur erakundeko ordezkarien eskutik.

Iraurgi Berritzenek, Basquetourrekin elkarlanean, Urola Erdia helmuga turistikoaren HTA diagnosia egin du, eta datorren urtera arte, inplementazio prozesuaren ardura bere gain hartuko du. Garapen agentziak koordinatuta, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek parte hartu dute proiektuan.

Jasotako aitortzak Atxikitako Helmuga Turistiko izendapena ematen dio Urola Erdiari, eta horrek "jasangarritasunean, berrikuntzan, irisgarritasunean, gobernantzan eta teknologian" oinarritutako turismo eredu baten aldeko "konpromisoa" indartzen du. Izendapenak 2027ko abendura arte iraungo du. 

Ignaziotar Bidea, jendaurrean

Horrez gain, eskualdeko ordezkariek beste hitzordu bat ere izan zuten atzo, Azkoitiko eta Azpeitiko udalak kide diren Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak (AMCI) Ignaziotar Bideko berrikuntzak aurkeztu zituen, egitasmoa "erreferentziazko helmuga turistiko gisa" posizionatzeko. Ana Azkoitia Azkoitiko alkatearekin eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkate zein elkarteko lehendakariordearekin batera, hango 80 bat ordezkarik parte hartu zuten aurkezpenean –90 udalerri baino gehiagok osatzen dute elkartea–. Marc Aloy Inaziotar Bideko Udalen Elkarteko presidenteak azpimarratu zuenez, "aniztasunaren adibide" da proiektua: "Askotariko lurraldeak helburu baten alde lan egitea lortu dugu, gure nortasuna balioesten duen barne turismoko eredu bat sustatzeko. Bideak batzen gaitu, sarea sortzen du, eta espiritualtasunetik harago ondarea, natura, gastronomia, osasuna eta historia dira, aukerak eta aurrerapena sortzeko gaitasun apartarekin". Jordi Hereu Espainiako Industria eta Turismo ministroa ere izan zen aurkezpenean, eta proiektuarekiko babesa eta konpromisoa adierazi du hark.

Azkoitiko Udalak adierazi duenez, Bide 1, 10 helmuga leloaren pean, Inaziotar Bidearen hainbat berrikuntza aurkeztu dituzte azokan: hain zuzen, hiru egunetan egiteko lehen hamar helmuga proposatu dituzte, hura egiten dutenek lurralde bakoitzeko "erakargarritasun turistiko nagusiak" ezagutu ditzaten. Informazio osoa, caminoignacianoturismo.com webean dago jasota. 

Ignaziotar Bidearen aurkezpena Fiturren. Eskuinetik hirugarrena eta laugarrena, Azkoitia eta Alkorta, hurrenez hurren. (A.U.)

Atzo arratsaldeko ekitaldiaren aurretik, goizean bilera egin zuten Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkarteko kideek. Duela urtebete sortu zuten elkarte hori, eta Nagore Alkorta da lehendakariordea. Alcoletge, Fontellas, San Millan, Logroño eta Torres de Segre herriak elkartera batu ziren, eta elkartearen hurrengo lan lerroak ere finkatu zituzten.

Hain zuzen ere, 2029ra arteko ekintza plana zehaztuta dute, eta besteak beste, honako hauek jasotzen ditu: bidearen seinaleztapena estandarizatzea, lurralde bakoitzeko herritarren sentsibilizazioa sustatzea, marka komuna sortzea tresna digital berriekin, baliabideak lortzea eta aliantzak ezartzea, eragin positiboa bermatzeko. Mugarri garrantzitsua izango da 2029a: Jubileu urtea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide