Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladek Urola Erdiko topaketak prestatu dituzte otsailaren 7rako. Larunbat horretan, Azkoitian elkartuko dira gazteak, eta egun osoan zehar askotariko ekintzak izango dituzte egunarekin bat egiten dutenek. Horien artean, bazkaria izango da Ikurrinaren Plazan, eta hara joan nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena hemen, 12 eurotan.
Hitzaldi batekin hasiko dituzte Urola Erdiko Gazte Asanbladen Topaketak hilaren 7an, eta Zergatik gaztetxe bat? galderari tiraka arituko dira solasean 11:30ean Kontzejupean. 13:00etan, berriz, poteoa egingo dute, eta 14:30ean joango dira bazkaltzera. Bazkalostean, berriz, Asier K-ren eskutik umorezko bakarrizketek hartuko dute udaletxe azpia, eta 17:00etan plazako beste frontoira lekualdatuko dira, han pilota ikuskizuna hasiko baita orduan. Iluntzetik aurrera, berriz, musika izango da nagusi: Eraldatzen, Derrumbe eta Min taldeek kontzertu bana eskainiko dute 19:00etatik aurrera Kontzejupean, eta 23:00etan DJak izango dira Hika tabernan.