Nagore Aranburu aktore azpeitiarrak Feroz saria jaso zuten atzo, larunbata, Pontevedran (Galizia) egindako galan. Espainiako Informatzaile Zinematografikoen Elkarteak banatzen ditu sari horiek, eta taldeko emakume onenaren saria jaso zuen atzo Aranburuk, Los Domingos filmean egindako lanagatik. Aranbururekin batera ziren taldeko emakume aktore onenaren saria jasotzeko hautagai Iraia Elias zarauztarra, Elena Irureta zumaiarra eta Maria de Medeiros nahiz Elivira Minguez.
Aranburu atzoko ekitaldian izan zen, eta pozarren jaso zuen saria. Umorez ekin zion hitzartzeari, abitu batek hainbeste poz emango zionik ez zuela uste esanda. Talde teknikoari eta aktore taldeari eskaini zien saria hark, baita Los Domingos-en zuzendari Alauda Ruiz de Azuari ere, "magia" egiteagatik. Etxekoekin ere oroitu zen azpeitiarra, halaber. "Honek [sariak] egiten dugun horretan sinesten jarraitzea ahalbidetzen digu. Eskerrik asko, publikoari, zinemara gure proposamenak ikustera joateagatik", esanez bukatu zuen hark hitzartzea.
Aranburuk iaz ere jaso zuen Feroz sari bat; orduko hartan Querer telesailean egindako lanagatik, aktore protagonista onenaren saria eman zioten.
Goya sarietarako hautagai
Espainiako Zinema Akademiak otsailaren 28an Bartzelonan banatuko ditu aurtengo Goya sariak, eta sari horietako baterako hautagai da azpeitiarra. Hain zuzen ere, taldeko emakume aktore onenaren saria jasotzeko aukeratuetako bat da Aranburu, Los Domingos-en egindako lana tarteko.