Hiruna puntu poltsikoratu dituzte asteburuan Lagun Onakeko bi talde nagusiek

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 26a

Baloia Lagun Onakeko jokalarien kontrolpean, larunbateko partidako une batean. (Lagun Onak F.T.)

Emakumeen taldeak 3-1 egin zuen etxean Hernaniren aurka, eta gizonezkoek 2-3ko markagailuarekin garaitu zuten Alaves.

Asteburu borobila izan da Lagun Onak futbol taldearentzat. Emakumezkoen taldeak 3 eta 1 irabazi zuen Hernaniren kontra Garmendipen jokatutako partidan, eta 2-3ko markagailuarekin Alaves garaitzea lortu zuten gizonek Gasteizko Ibaia zelaian.

Ligako bigarren itzulia etxean hasi zuten Lagun Onakeko emakumeek larunbatean, eta Hernaniren kontrako partidaren lehenengo zatian nagusitasuna izatea lortu zuen, baloia aurkarien zelai erdian mantenduz. Malen Zabalak ekarri zuen jardunaldiko lehenengo gola, eta atsedenaldira abantailarekin iritsi ziren azpeitiarrak.

Joko ona erakutsi zuten bigarren zatian ere, baina Hernaniko jokalariek hainbat gol aukera egitea lortu zuten, eta 59. minutuan iritsi zitzaien Lagun Onakekoei kontrako tantoa. Amore eman gabe, erasoan zentratu ziren azpeitiarrak, eta aurkarien area barruko jokaldi batean aldeko penaltia agindu zuen epaileak 68. minutuan. Lorea Ruedak asmatu zuen baloia sarean sartzen.

Azken gola ere Malen Zabalak ekarri zuen, lehenengoa bezala area kanpoko jaurtiketa batekin. Azpeitiarrek 3-1ean utzi zuten markagailua, baina garaipenaren alde gazia June Casinaren lesioak ekarri zuen. Txorkatilan min hartu zuen, eta partida hamar jokalarirekin bukatu behar izan zuen taldeak, ordurako bost aldaketak eginda baitzituzten.

Garaipena Gasteizen

Lanak ondo eginda eta hiru puntu lortuta amaitu zuten larunbateko jardunaldia Lagun Onakeko gizonek ere. Alaveseko mutilak izan zituzten aurrean, eta 8. minutuan galtzen hasi ziren arren, 20.ean Galarzak buruz egindako golarekin berdintzea lortu zuten. 

Gutxira, 26. minutuan, zelaiaren erdian jaberik gabe gelditu zen baloia harrapatu zuen Alex Letamendiak, eta aurkarien atezaina aurreratuta zegoela ikusita, haren buruaren gainetik aireratu zuen baloia. Horri esker, gol baten abantailarekin iritsi ziren Lagun Onakekoak atsedenaldira.

Bigarren zatian, Alaveseko mutilak erasoan tematu ziren, baina azpeitiarrak ondo aritu ziren defentsan. Epaileak 68. minutuan agindu zuen kornerrean egin zuen hirugarren gola Markel Yudegok, buruz. Alavesen azken gola, berriz, 80. minutuan iritsi zen. Azpeitiarrek ondo eutsi zioten partidako azken minutuei, eta 2-3ko markagailuarekin itxi zuten jardunaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide