Non eta noiz atera zenuen argazkia?
Argazkia 23 urtez azpikoen Espainiako Kopan ateratakoa da, Torredonjimenon (Espainia). Ez naiz akordatzen noiz ateratakoa den. Lasterketa horretan motoan ibili nintzen kamerarekin, baina une batean, pelotoia dezente aurreratu genuen, eta argazkia ateratzeko baliatu nuen aukera. Abandonatutako pabilioi batean atera nuen argazkia; altu samar zegoen, baina, leihoa, eta moto gidariak ere pabilioira sartu behar izan zuen. Moto gainetik atera nuen argazkia.
Hasieratik al zenekien argazki hori sarietara aurkeztuko zenuela?
Aurkeztuko nuela argi neukan argazki bakarra zen saritutakoa. Hasieratik iruditu zitzaidan polita, berezia; izan ere, ez da ageri txirrindulari bat, pelotoia baizik. Kuriosoa da.
Nolatan aurkeztu zara sariketara?
Bigarren urtez aurkeztu dut lana sarietara. Sari indartsuak dira World Sports Photography Awards-ak, eta aurkeztu egin behar! Batere aurreikuspenik gabe bidali nuen irudia, baina aurten irabazteko zortea izan dut.
Duela bi urte zure bi argazki hautatu zituzten sarietarako, baina ez zenuen irabazi. Orduko arantza kendu al duzu?
Arantza kendu ez; izan ere, horrelako sarietara aurkezten zarenean ez duzu izaten aparteko aurreikuspenik. Aurkezten zara, eta listo; gero aterako da ateratzen dena.
Orduan ere txirrindulariak ziren zure argazkietako protagonista. Txirrindularitza zalea al zara?
Txirrindularia izandakoa naiz, eta nire argazki mundua bi zatitan banatzen da: txirrindularitza eta tauromakia.Txirrindularitza da argazkiak ateratzen ditudan kirol bakarra.
Noiz jakin zenuen saria irabazi zenuela? Nola jaso zenuen berria?
Duela astebete inguru abisatu zidaten posta elektronikoz, eta harrezkero, ez dut informazio askoz gehiago jaso. Oraindik ez dakit zer sari jasoko dudan, baina alde onena da nazioarteko sariketa dela eta zabalkunde handia izaten duela.
Argazkilaritzaren munduan zabiltza buru-belarri. Zer moduz?
Txirrindularitza eta tauromakia dira nire bi pasioak, horiek dira nire bi afizioak, eta horietatik bizi ahal izatea gozada da.
Zer behar du argazki on batek?
Egia esan, ez dakit. Gauza bat ikusten duzu, eta gustatzen zaizun horri ateratzen diozu argazkia. Askotan ez duzu pentsatzen zeri aterako diozun argazkia; inprobisazioa ere eskatzen du argazkigintzak. Barrutik atera behar zaizu.