Larrialdiei aurre egiteko plangintza prest du Azpeitiko Udalak

Ihintza Elustondo 2026ko urtarrilaren 29a

Hilario Sein Sieko langilea, Ander LarraƱaga zinegotzia eta Anartz Toledo udaltzainburua, atzo, larrialdi plana aurkezten. (Ihintza Elustondo)

Uholdeen eta haizeteen larrialdi plana aurkeztu du Azpeitiko Udalak Azoka Plazan egindako ekitaldian. Siek egin du diagnostikoa, eta arriskuak ahalik eta gehien murrizteko neurriak eta gomendioak bildu ditu planean. Besteak beste, arrisku eremuak zehazteko seinaleak jarri dituzte herrian, ibaiak eta zubiak garbitzen ari dira... Arrisku egoeraren bat etortzen bada, herria prestatuta egotea da helburua. 

2024ko urriaren 29an Valentzia (Herrialde Katalanak) astindu zuen denboraleak hainbat hildako eta zauritu eragiteaz gain, hankaz gora jarri zituen hango eta hemengo erakundeak, askok halako egoerei aurre egiteko protokolo eguneratuak falta zituztelako. Gukak 2024ko azaroan ondutako Urak dakarrena seriean honako galdera hau egin zuen: Urola Kostako herriak arrisku egoerei aurre egiteko prestatuta al daude? Batzuek bazituzten udal larrialdi planak, baina zaharkitu samarrak: Azpeitiko Udalak bazuen uholde arriskuari aurre egiteko plana, baina 1999koa, eta horretaz ohartuta, plan berria garatu du. Atzo aurkeztu zuten uholdeei eta haizeteei aurre egiteko plan berria, Azoka Plazako aretoan egindako aurkezpen ekitaldian. Ander Larrañaga zinegotziak, Anartz Toledo udaltzainburuak eta Hilario Sein Sieko langileak eman zituzten azalpenak; larrialdiei irtenbideak emateaz arduratzen da enpresa hori, eta horrek egin du Azpeitiko plana.

Seinek azaldu zuen larrialdi plan batekin "arriskuak erabat saihestea ezinezkoa" dela, baina helburua dela haizeteek edo uholdeek eragindako arriskuak saihestea edo ahalik eta gehien murriztea. "Arrisku egoera bat etortzen denean, planifikaziorako eta antolaketarako oinarriak eman behar ditu planak". Horrekin batera, nabarmendu zuen planak ez duela izan behar kaxoian gordeta dagoen dokumentu potolo bat, baizik eta "dokumentu bizia, eguneratuta mantentzen dena". 

Planak hiru kudeaketa oinarri ditu. Lehenik, prebentzioan jartzen du arreta; arriskua etortzerako, ahalik eta gehien lan egin behar da prebentzioan. Bigarrenik, aurre alerta egoeran jartzen du arreta; arrisku egoera datorrenean, gainera etorri baino lehen neurriak hartu behar dira. Eta, azkenik, emergentzia egoera iristen denean zer egin behar den zehazten du. Kudeaketa oinarriak berberak dira uholdeei eta haizeteei dagokienez, baina atal bakoitzak xehetasun espezifikoak jasotzen ditu kasuan kasurako. 

Uholde arriskuei aurre egiteko plana

Uholde arriskuei aurre egiteko, hainbat neurri hartuko ditu udalak prebentzioaren alorrean. Batetik, ibaien kudeaketan lanean ari da erakundea. Seinek azaldu zuen "polemika" dagoela ibaietako landarediarekin egin behar denaren inguruan, baina haren esanetan, "demostratuta" dago uraren abiadura zenbat eta handiagoa izan, horrek eragiten dituen kalteak handiagoak direla. "Landaredia beharrezkoa da uraren abiadura murrizteko, baina leku batzuetan komeni da landareak egotea, eta beste batzuetan ez; adibidez, zubien inguruan ez da komeni, materialak pilatzeko arriskua dagoelako". Diagnostikoa egin dute ibaiak non garbitzea komeni den eta non ez ondorioztatzeko, eta une honetan ibaiak eta zubiak garbitzen ari da udala. Zubi inguruetako hainbat pasabide garbitu dituzte dagoeneko, baina beste hainbat garbitzeko daude oraindik. Seinek azaldu zuenez, "premia handiena" duten zubietatik hasi dira, eta pixkanaka denak garbitzea da helburua. Bestetik, arketak eta ur kanalizazioak garbitzea ere ezinbestekoa dela nabarmendu zuen Seinek. Herrian garbi mantendu beharreko funtsezko bi arketa daudela esan zuen: Soreasuko aparkalekuaren gainekoa eta Ikasberri ikastolaren albokoa. 

Horrez gain, adituak nabarmendu zuen ezin dela usteetan oinarritu udala uholde arrisku bat datorrenean, eta horretarako, beharrezkoa dela datuak eskuratzea; hau da, ibaiaren arrisku neurketak egiteko erregletak ezartzea. Lau erregleta ezarriko dituzte, gune horietan ur emaria nola datorren jakin ahal izateko: Loiolako zubian –Kiruri jatetxearen parekoa–, San Martingo estratan, Landetako gasolindegiaren inguruan eta Madalena auzoan. Gune horietan jarriko dituzten erregletez gain, Sarralle lantegiaren ondoan enpresa pribatu batek jarritako erregleta bat dago, Urrestillako ibaiaren ur emaria aztertzeko. "Orain arte, erregleta bakarra zegoen, enpresa pribatu batek jarria, baina, orain, beste lau gune horietan jarrita, urak mugitzen hasten direnean, jakin ahal izango dugu ibaiak nola datozen, eta horren arabera hartu ahalko dira erabakiak". 

Era berean, arrisku eremuak zein diren adierazteko seinaleak jartzen ari da udala. Uholdeak izateko arrisku handiagoa dagoen gune batzuetan dagoeneko jarri dituzte seinaleak, eta gainontzekoetan ere aurki jarriko dituzte. Horrela, uholde arriskua iragartzen denean, gune horietatik autoak kentzeko aholkatuko dute, eta auto horiek guztiak non aparkatu daitezkeen ere zehaztu dute: halako egoera bat gertatuz gero, Izarraizpe ikastolaren institutuko aparkalekua zabalduko dute herritarrentzat. 

Uholde arriskua duen eremua dela zehazteko seinalea, Madalena auzoan. (I.E.)

Prebentzio lana eginagatik, gerta daiteke aurre alerta egoerara iristea, eta egoera horretan, iragarpenarekin bat egiten duten erabakiak hartu beharko dira. Lehen-lenehik, Kontigentzia Mahaia bildu beharko da; mahai horretan elkartuko dira udaleko ordezkariak, suhiltzaileak, udaltzainak, Ibai Eder urtegiko ordezkariak... Larrialdi egoera baten aurrean esku hartu behar duten erakunde guztietako ordezkariak, alegia. Mahai horrek alerta egoera zenbaterainokoa den aztertu ostean, herritarrei alerta mezua bidaliko die: megafonien bidez, SMS mezuak, komunikabideak, sare sozialak... Arrisku eremuetatik autoak kentzeko eskatuko dute, eta sarbideak eta errepideak itxiko dituzte. Zabor edukiontziek hutsik egonez gero "kalte handiak" eragiten dituztela eta, horiek ez husteko edo lotzeko eskatuko diote Urola Erdiko Mankomunitateari. Horrez gain, ur emariaren jarraipena egingo dute erregleten bidez, eta Ibai Eder urtegiarekin zer egin erabaki beharko dute. "Urtegiak paper inportantea jokatzen du. Urtegiko arduradunekin koordinatu behar da, ur asko baldin badator, une horretarako urtegia beteta egon ez dadin". 

Neurri horiek guztiak hartuta ere, gerta daiteke ura bere bidetik irtetea. "Gertatu behar bada, gertatu egingo da uholdea", esan zuen Seinek. Haren arabera, egoera horretan ez da ezer egin behar, "itxaron bakarrik"; pertsona baten bizitza arriskuan dagoenean bakarrik egiten dira esku hartzeak. Orduan, Krisi Mahaia bilduko da, egoeraren jarraipena egiteko eta babes neurriak hartzeko. Herritarrei aholkuak helaraziko dizkie udalak, eta baliabideak prestatzen hasiko da alerta egoera pasatzen denerako. Udaltzaingoaren arreta zerbitzua ere prestatuko dute egoera horretan, errefortzuekin. 

Halako egoera baterako, gomendio orokor batzuk ere eman zituen adituak. Haren esanetan, herritarrek rol garrantzitsua dute halako larrialdi egoera batean, eta betiere emandako gomendioei jarraituz, laguntzeko jarrera izatea komeni da. Horrez gain, egin ohi diren hainbat akats zerrendatu zituen: garajeetan balio handiko gauzak ez gordetzea aholkatu zuen, etxeko eskriturak eta antzekoak, esaterako; alerta maila ezarrita dagoenean, garajeetara ez dela jaitsi behar adierazi zuen, ura sartzean gero zaila delako handik irtetea; garajeko elementuak plastikozko ontzietan gordeta edukitzea ere lagungarria dela esan zuen, gero azkarrago atera ahal izateko; 15 zentimetroko ura dagoenean jendea kalera atera ohi dela aipatu zuen, baina horrek ur gutxi dirudien arren, indar handia izaten duela eta etxean egotea aholkatu zuen... Horrez gain, etxean 72 ordurako biziraupen kita izatea gomendatu zuen. 

Haizeteen kasuan, dinamika bera

Haizeteek eragindako larrialdi egoeren aurrean, dinamika bera jarraitu behar dela jakinarazi zuen adituak. Prebentzioaren arloan, arriskuan dauden zuhaitzen inbentarioa egingo dute, eta ondatuta edo arriskuan daudenak kendu egingo dituzte. Obrei dagokienez, garabien eta andamioen jarraipena egingo dute, eta jakinaren gainean egongo dira horietako bakoitza zein enpresarena den. Horrez gain, arrisku eremuan dauden edukiontziak identifikatuko dituzte, eta alboetan zutoinak jartzea aztertuko dute. 

Aurre alerta garaian, Kontingentzia Mahaia bilduko da, eta arriskuan egon daitezkeenei alerta mezua bidaliko diete, SMS bidez. Udala SMS sistema hori nola ezarri aztertzen ari da; herritarrek borondatez emango dute alta mezuak jaso nahi badituzte. Aurrerago emango dute horren berri. Ondoren, arrisku eremuetatik autoak kentzeko eskatuko dute, arrisku eremuetako pasabideak itxiko dituzte, edukiontziak ez husteko eskatuko dute eta herritarrei babes aholkuak emango dizkiete; kalera ez irten, kirola debekatu, balkoietako apaingarriak kendu...

Hala eta guztiz ere, emergentzia egoera iristen bada, Krisi Mahaia bilduko da, arrisku eremuak gainbegiratuko dituzte –andamioak, parkeak...–, baliabideak bideratuko dituzte, herritarrei informazioa emango diete eta arreta zerbitzua eskainiko dute. Aholku batzuk ere eman zituen Seinek: haize handia badago, autoaren abiadura murriztu; ez irten kalera, leku seguru edo aterpe batean babestu; objektu solteak gorde –loreontziak...–; piladun linterna eta irratia izan etxean; premiazkoa ez bada, ez deitu telefonoz, lineak ez kolapsatzeko; eta orokorrean, udalaren eta erakundeen gomendioei kasu egin. 

Hainbat herritar elkartu ziren atzo, larrialdi planaren aurkezpenean, Azoka Plazako aretoan. (I.E.)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide