Inauteriak 2026

Jakinarazpen ofizialik ez, karnabaletako sokamuturraren inguruan

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 30a

Jendetza 2025eko Jai Karnabalean, zezenaren irteeraren zain.

Herrian zabaldu diren mezuen kontra, erakundeek ez dute ofizialki jakinarazi aldaketarik egon denik karnabaletako sokamuturrean. 

Egun gutxi falta dira karnabaletarako, herrian bolo-bolo dabil sokamuturra egongo denaren edo ez denaren ustea, eta Azpeitian sokamuturra izango dela baieztatzen duten hainbat mezu zabaldu dira azken orduetan. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du jakinarazpen ofizialik egin, ezta Azpeitiko Udalak ere. Era berean, Zezen Beltz elkarteak jakinarazi du ez duela aldundiari egin zion eskaeraren erantzunik jaso. 

Ganaduari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorraren zabalpena saihesteko asmoz ezarri zuen debekua Eusko Jaurlaritzak, baina foru aldundiak dira salbuespena ezar diezaioketen erakunde bakarrak. Hori dela eta, Zezen Beltzek sansebastianetan eta karnabaletan Azpeitian sokamuturra egiteko baimena eskatu zion Gipuzkoako aldundiari, osasun neurri guztiak bermatuta egiteko modua badagoela argudiatuta.

Sansebastianetan ez zen zezen festarik izan, eta inauterietarako bi aste falta direnean, aldundiak ez dio Zezen Beltzen eskaerari erantzun, talde horretako kideek jakinarazi dutenez. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide