Klima aldaketak Urola Erdian duen eragina aztertu dute IB Sarearen topaketan

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 30a

IB Sarearen 23. topaketan parte hartu duten ordezkariak, taldeko argazkian. (Iraurgi Berritzen)

Eskualdeko hainbat eragiletako ordezkariak Azpeitian elkartu dira gaur, IB Sarearen 23. topaketan. Klima aldaketa izan dute hizpide, eta besteren artean, energia berriztagarrien ekoizpena handitzea adostu dute.

Urola Erdiko hainbat eragile sozioekonomikoetako ordezkariak IB Sarearen 23. topaketan batu dira gaur, ostirala, Azpeitian. Loiolako Gogartetxean egin duten lan saioan klima aldaketak eskualdean izan dezakeen eraginaz hausnartu dute, eta zenbait neurri proposatu dituzte, besteak beste, energia berriztagarrien ekoizpena handitzea.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak ireki ditu topaketak, eta hark adierazi duenez, tokiko erakundeen eta eragileen elkarlana funtsezkoak dira klima aldaketak dakartzan erronkei modu eraginkorrean erantzuteko. Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak, bestalde, UE 22-27 Ekintza Planaren garapen mailaren berri eman du, plan horrek eskualdearen garapen jasangarria bultzatzeko duen eginkizuna azalduz.

Ekitaldiaren baitan, Urola Erdiko Energia eta Klima Mahaiaren lanketa aurkeztu dute Joanes Amenabar eta Imanol Arrizabalaga Azpeitiko eta Azkoitiko zinegotziek, eta Aitziber Agirre Elhuyarreko Kultura Zientifikoaren arloko arduradunak, Urola Erdia Ispiluaren aurrean proiektua aurkeztu du, eskualdeko errealitatearen inguruko hausnarketa partekatua sustatzeko helburuarekin.

Ekitaldiaren amaieran, klima aldaketaren eragina Urola Erdian murrizteko neurrien inguruko saioa egin dute. Dinamika horren baitan, bost alor jarri dituzte mahai gainean: garraioa eta mugikortasuna, energia, natur baliabideak, elikadura, hondakinak eta ekonomia zirkularra. Bloke horietatik hiru lan ildo lehenetsi dituzte: garraio planen garapena eta distantzia txikietarako mugikortasun aktiboaren eta ohitura aldaketaren eraldaketa kulturala; energia berriztagarrien sorkuntza areagotzea eta bertako elikagaien kontsumoa areagotzea.

Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, neurri horiek izango dira datozen hilabeteetan klima aldaketaren aurrean eskualde mailan garatuko dituzten elkarlan proposamenen abiapuntua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide