Feli Madariagaren bi askatasun txikiko bizitza

Ihintza Elustondo 2026ko urtarrilaren 31

Feli Madariaga baserritarraren bizitza kontatzen duen Bizitza baten txatalak liburua aurkeztu du Onintza Enbeita idazle eta bertsolariak Azpeitiko Azoka Plazan. Baserritarren altzoan egin du ekitaldia egileak, eta hainbat herritar bertaratu dira. 

Onintza Enbeita bertsolari eta idazleak Bizitza baten txatalak liburua aurkeztu zuen atzo, 18:00etan, Azpeitiko Azoka Plazan. Bizitza lurrari lotuta eman duen Feli Madariagaren kontakizuna jasotzen du Enbeitaren lanak, baina izan zitekeen memoria kolektiborak tokirik gorde ez dion beste milaka emakume baserritarrena ere.

Feli Madariaga Muxikako (Bizkaia) Igertu baserrira ezkondu zen, eta lurra lantzea nahiz maitatzea izan du bizibide. Egun 92 urte dituen emakumearen bizimodua jaso du Enbeitak Argiaren bitartez eman duen liburuan, Felik lurrarekiko eta, orobat, lurrak Felirekiko duen harremanean sakonduz, baina beste emakume baserritar askorena izan zitekeen testigantza jasoz. 

Ostiraletako baserritarren azokaren testuinguruan egin zuen aurkezpena Enbeitak, barazkien, fruituen eta baserritarren altzoan, eta hainbat herritar ere bertaratu ziren aurkezpenera; 40 lagunetik gora, zehazki. Enbeitak azaldu zuen, liburua idazten hasi zenean, Madariagak lurrarekin zuen harremana lantzen hasi zela, baina bidean "beste gauza batzuk" topatu zituela: "Ezagutzen ez nituen gauzak deskubritu ditut".

Lana, baina damurik ez

Liburuan protagonistak lehen pertsonan kontatu du bere bizitza, "Ibrahima Baldek Minan liburuan egin duen antzera". Aipatu bezala, espero ez zituen hainbat kontu ezagutu ditu prozesuan zehar egileak, eta horietako "politena" zein izan den azaldu zuen atzoko hitzartzean: "Lan asko egin du Felik bere bizitzan zehar, baina sekula ez da horretaz damutu". Idazleak esan zuen "asko hausnartu" duela horren inguruan, eta bere ondorioa izan dela Madariaga "bi askatasun txikiren kontziente" dela. "Batetik, bera jakitun da astoen moduan lan egin duela, baina ez beste inorentzat, bere esfortzuaren jabe izan da eta horrek lasaitasuna eman dio. Bestetik, baserrian bizitzeak bere erara bizitzeko aukera eman dio. Bi gauza horietan libre sentitu da". 

Egileak nabarmendu zuen, liburua idazterakoan, garbi izan zutela kontakizuna zein esaldirekin hasiko zuten, eta zeinekin bukatu. Lehen esaldiak lanari egiten dio erreferentzia: "27 urterekin ezkondu nintzen lanik ez egiteko, eta lana besterik ez dut egin". Amaierakoak, berriz, askatasunari erreparatzen dio. 

Argiak, Azpeitiko Emakumeen Txokoak eta Elikaguneak elkarlanean antolatu zuten liburu aurkezpena, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide