Ipuin kontaketa saioaz gozatu ahal izan dute hainbat familiak gaur goizean Azpeitiko Ekoetxean. Zehazki, Om...ene! izenburupean egin dute ipuin kontaketa saioa, 11:00etatik 12:00etara. Naturaren elementuen eta pertsonen emozioen inguruan aritu dira kontakizunean, ipuinaz, musika instrumentuez eta arnasketaz baliatuta. 4 urtetik gorakoei zuzendutako saioa izan da.
Bestalde, inauteriak gertu daudela eta, festa egun horietarako prestatzeko tailerra antolatu dute datorren iganderako, otsailaren 8rako, Ekoetxean. Hain justu, Nor naiz? maskara eta estalki tailerra egingo dute egun horretan, 10:30etik 12:30era bitartean. 6 urtetik aurrerakoei zuzendutako saioa izango da, eta haurrek heldu batek lagunduta joan beharko dute. Doan da tailerrean parte hartzea, baina aurretik izena eman beharra dago honako loturan.
Ekintzaren inguruko zalantzaren bat izan edota informazio gehiago nahi duenak Azpeitiko Ekoetxera jo dezake, 943-81 24 48 telefono zenbakira deituta edota info.azpeitia@ekoetxea.eus helbide elektronikora idatzita.